Albisteak

Atzealdea

Diputazioak ez du gauzatu nahi Troiako pasabidea berritzeko proiektua

Aspaldiko eskakizuna da Usurbilen Troian pasabide seguru bat egitea. Azken hilabete luzeotan, udalak eraginda, Euskal Trenbide Sarea, Diputazioa eta udala elkarlanean aritu dira proiektu horren gainean. ETSk proiektu bat ere jarri du mahai gainean, baina Diputazioak egitasmo hori ez finantzatzea erabaki du orain. Udalak bilera eskatu dio Diputazioko Bide Azpiegituretako diputatuari, proiektu horrekin aurrera egiteko eskatzeko.

2018·01·23


Lehengo ostiralean bilera izan zuten Xabier Arregi alkateak eta Jone Miner udaleko arkitektoak Antonio Aiz Jaurlaritzako Garraio sailburuordearekin eta Euskal Trenbide Sareko (ETS) Aitor Garitano Zuzendari Nagusi eta Julian Ferraz Plangintza eta Proiektuetako Zuzendariarekin. Bileraren helburua Troian oinezkoentzat pasabide seguru bat egiteko proiektuaren nondik norakoez aritzea zen. Jaurlaritzatik aditzera eman zietenez, ETSk proiektu hori gauzatzeko asmoa izan arren, Diputazioak ez du gaur-gaurkoz proiektu hori diruz lagundu nahi, eta, ondorioz, ezingo da gauzatu. Udalak, ordea, lanean jarraituko du, proiektua kaxoi batean sar ez dezaten.

Troian pasabide seguru bat egiteko beharra eta eskakizuna aspaldikoa da gure herrian. Izan ere, Zubietara eta Lasarte-Oriara oinez joateko pasabide nagusia da gune hori. Haatik, leku hori ez da segurua oinezkoentzat, eta Usurbilgo puntu beltzetako bat da. Oso urrutira joan gabe, iazko urrian, esaterako, Manuel Diaz 80 urteko usurbildarra hil zen inguru horretan, auto batek harrapatuta.

Berriz halakorik ez errepikatzeko, Usurbilgo Udala etengabe aritu da N-634 errepidean segurtasuna bermatzeko proiektu baten eskean. Xabier Arregi Usurbilgo alkatearen esanetan, “lanketa orokorrago baten barruan kokatu behar da asmo hori”. Izan ere, udalak identifikatuak ditu herriko puntu beltzak, eta trenbide- eta errepide-pasaguneetan segurtasuna bermatzeko planteamendua egina du.

Hain zuzen, Troiako pasaguneari konponbide bat eman nahian, udalak etenik gabe eragin du ETSn eta Diputazioan, eta, lanketa horren ondorioz, lortu du ETSk proiektu bat jartzea mahai gainean (argazkian ikus daiteke). Proiektu horren arabera, errepidearen eta trenbidearen gainetik pasabide bat egingo litzateke, trenbidea eta errepidea modu seguruan eta irisgarrian zeharkatzeko aukera bermatuz. Horrez gainera, Ugaldea industriaguneraino oinez edo bizikletaz iritsi ahal izateko, beste bide bat egitea aurreikusten du. Hain zuzen, azken hilabeteotan ETSk gidatutako proiektu horren gainean ekarpenak egin dituzte bai Udalak bai Diputazioko teknikariek ere. Egindako ekarpenak jaso, eta exekutatzeko unean dago jada proiektu hori.

Are gehiago, lehengo asteko bileran sailburuordeak udaleko ordezkariei jakitera eman zienez, proiektu hori ETSren 2018ko aurrekontuetan txertatzeko asmoa zuen, lanekin ahalik eta azkarren hasi ahal izateko. Sailburuordea bera Gipuzkoako Diputazioko Bide Azpiegituretako Diputatu Aintzane Oiarbiderekin bildu zen, proiektu horren finantziazioa adosteko. Izan ere, bien eskumenekoa izanik, inbertsioaren gastuak ere erdira ordaintzea planteatu zion. Bilera horretan, ordea, Diputazioak ez duela proiektuarekin aurrera egiteko asmorik adierazi zion Jaurlaritzari. Hots, ez duela finantzatuko.

Bigarren mailako herritarrak”

Xabier Arregi alkateak gaitzetsi egin du Diputazioaren jarrera: “Ondo heldutako proiektua dugu esku artean. Azken hilabeteotan lanean aritu gara hiru erakundeok proiektu horretan, eta, ez da bidezkoa orain, azken unean, Diputazioak bazterrean utzi nahi izatea”. Egunero herritar ugarik erabiltzen dute pasagune hori, eta arriskutsua da oso. “Diputazioak usurbildarrak 2.mailako herritartzat gaitu. Ez du proiekturik gure herrirako”.

Nolanahi ere, udalak ez du etsitzeko asmorik, eta lanean jarraituko du proiektu hori gauza dadin. Bilera eskatu du dagoeneko Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuarekin, proiektuari heldu eta kaxoi batean ez sartzeko eskatzeko. Xabier Arregiren esanetan, baina, “herriaren laguntza beharko dugu horretarako”.