Albisteak

Atzealdea

Datozen hilabeteetan gauzatuko diren hirigintza-obra garrantzitsuenak aurkeztu ditu Usurbilgo Udalak

Zumarte musika eskolan birgaitze ekologikoa eta eraikinaren handiagotzea egitea planteatu du udalak. Horrez gain, urte bukaerarako Irazu eta Alperroburu kaleen urbanizazio-lanak egingo dira.

2016·06·12


Usurbilgo Udalak datozen hilabeteetan burutuko dituen hirigintza-obra nagusienen berri eman du prentsaurreko batean. Usurbildarren bizi-kalitatea hobetu asmoz, Zumarte musika eskolaren birgaitze eta handitzea, Irazu kalearen urbanizazioa eta irisgarritasuna hobetzea, eta Alperroburu kalearen azpiegitura hobetzea zein urbanizatze obrak egingo dira hurrengo hilabeteetan.

Obra horien nondik-norakoak azaldu eta sorrarazi daitezkeen kezkei erantzun asmoz, prentsaurrekoan izan dira Xabier Arregi Usurbilgo alkate eta Hirigintzako arduraduna, Jone Urdanpilleta Zerbitzu eta Obretako zinegotzia, Ekhiñe Egiguren Udal arkitektua eta Felix Aizpurua Zerbitzu eta Obretako arduraduna.

Irazu kalean egingo diren birgaitze obrei dagokienez, gaur egun harri-galtzadak sortzen dituen irisgarritasun eta segurtasun arazoak konpontzea izango da udalaren helburua. Kalearen eta Usurbil beraren izaera mantendu asmoz, orain arte dauden harri berberak erabiliko dira obretan. Horretarako, bertan dauden harriak bi zatitan hautsi eta leundu egingo dira, irisgarritasuna erraztuz eta irrist egiteko arriskua jaitsiz. Lehen fase honek 191.552 euroko aurrekontua izango du, eta uztaila bukaeran hasiko dira lanean, herriko festak igaro ondoren. Lanak lau hilabetez luzatzea aurreikusi dute udal ordezkariek, beraz urte bukaerarako prest egongo litzateke. Hurrengo urtean, berriz, alboan dauden Etxebeste eta Hirutasun kaleetan prozesu berdina egingo da.

Alperroburu kaleako urbanizazio obrak

Alperroburu kale inguruan ere hobetze-lanak gauzatuko ditu udalak datozen hilabeteetan. Izan ere, hurrengo ikasturterako ikastetxe ingurua itxuraldatu eta haurrentzako segurtasun neurri berriak ezarriko dira. Zentzu horretan, Alperroburu 8. zenbakirainoko kalea urbanizatu eta autoentzako norabide bakarrekoa egingo da, eta, horrez gain, ordu zehatzetan soilik oinezkoentzako kalea bihurtuko da, alboan dagoen ikastetxeko umeen segurtasuna bermatu asmoz.

Kalearen ur-hornidura ere aldatuko da urak ondo bereizteko, “aspalditik konpondu beharreko puntuetako bat baita”, udal ordezkarien arabera. Proiektuak 120.000 euroko aurrekontua du, eta momentu honetan adjudikazio-fasean dago. Epeei dagokienez, obrek bi hilabeteko iraupena izatea aurreikusi da.

Zumarte musika eskolaren handitzea

Zumarte musika eskolak Usurbilen daukan garrantziaren adinako obra burutu nahi du udalak legegintzaldi honetan. Musika eskolako arduradunek aspaldi eginiko eskaerari erantzun eta eraikinaren birgaitze ekologikoa eta handitzea egitea aurreikusi du udalak, eta horretarako lau arkitekto-talderi proposamen zehatza egiteko eskaria egin die.

Eraikinean, gaur egun, 235 ikasle aritzen dira, baina bertako arduradunen arabera hainbat patologia ditu: irisgarritasuna, ikasgelen arteko intsonorizazio arazoak, espazio falta, ... eta horiek konpondu eta eraikina handiagotu asmoz, udalak eskuhartze sakona egingo du. “Horrelakoetan legeak eskatzen duen gutxienekotik haratago joan nahi dugu. Ingurugiroari eragin diezaiokegun inpaktua gutxitu eta energia berriztagarrien erabilera handitu nahi dugu, betiere eraikinaren izaera mantenduz”, azaldu du Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.

Aurrez aipatu bezala, arkitekto taldeek aurkeztutako proposamenetako bat aukeratuko da uztaila bukaeran. Horren ondoren, irabazle suertatutako arkitektoek herriko eragile ezberdinekin harremanetan jarriko dira urte bukaerarako proiektua erredaktatuta izateko. Obrei hasiera emateko epea oraindik zehazteke dagoen arren, asmoa izango litzateke 2017aren hasieran ekitea.