Albisteak

Atzealdea

Dagoeneko martxan daude GERTU txartelak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak

Hurbilagoko dendek eginiko deskontuez eta VISA txartel arrunt modura erabiltzeaz gain, hainbat udal zerbitzuetan erabiltzeko aukera izango da.

2017·05·25


GERTU Usurbilgo Herri txartela zenbait udal zerbitzuen erabilera errazteko asmoarekin sortu zen, besteak beste. Hala ere, Usurbilgo Udalaz kanpoko arazo teknikoek eraginda, zerbitzu horiek ez zeuden eskuragarri orain arte. Behin arazo horiek konponduta, GERTU txartelak hasiera batean aurreikusita zeuden zerbitzu guztiak martxan jarri ditu. Gauzak horrela, Hurbilagoko dendek eginiko deskontuez eta VISA txartel arrunt modura erabiltzeaz gain, hemendik aurrera Alkartasuna kooperatibaren gasolindegian deskontua lortzeko, Oiardo kiroldegirako, Sutegi liburutegirako, Potxoenea Kultur Etxean sartzeko eta hondakinen bilketako larrialdi puntuetan erabiltzeko aukera izango da.

Gauzak erraztu asmoz, usurbildarrek ez dute gauza nabarmenik egin beharko berau lortzeko. Hasteko, dagoeneko GERTU txartela daukatenek txartel berria jasoko dute beraien etxeetan. 

Lehendik HURBILAGO txartela zeukatenek baina GERTU txartela eskatu ez dutenek, berriz, Nafarroako Rural Kutxaren bulegora joan daitezke txartel berria eskatzera. Izan ere, maiatzaren 31an HURBILAGO txartelak erabilgarri izateari utziko baitio.

Aukera berria txartela ez dutenentzat

Azkenik, aurretik txartelik eduki ez eta GERTU txartela eskuratu nahi dutenek aukera izango dute. Horretarako, kiroldegian, liburutegian, udaletxean, Hurbilago-ko establezimenduetan edota Rural Kutxan eskura dezakete eskaera orria betez eta NAN-aren kopia bat entregatuz. Behin hori eginda, Udalak Rural Kutxarekin daukan hitzarmenari esker, eskatzaileek etxean jasoko dute txartela.

Bukatzeko, ekainean zehar Hurbilago-ko komertzioetan %10era arteko deskontuak egingo dira GERTU txartela erabiliz gero.