Eduki publikatzailea

Atzealdea

Construcciones Moyua baino ez da aurkeztu Zumarte handitzeko lanak egiteko lehiaketara

Zumarte Musika Eskolarekin lotutako bi erabaki garrantzitsu hartu ditu gaur arratsaldean udalbatzak, ez-ohiko bilkuran. Zumarteko lanak egiteko lehiaketara Construcciones Moyua SL enpresa aurkeztu da soilik, eta eskatzen ziren baldintza guztiak bete dituela-eta, eskaintza bakar eta, hortaz, eskaintza ekonomiko onena bezala izendatzea erabaki du udalbatzak. 10 eguneko epea du orain dokumentazio guztia aurkezteko, eta dena ondo egonez gero, orduan esleituko zaizkio lanak. Beste alde batetik, Udala eta Zumarteren arteko hitzarmenari argia berdea eman zaio. Bi erabakiak aho batez onartu dira.

2018·05·10


Gaur arratsaldean ez-ohiko bilkura egin du udalbatzak, eta Zumarte Musika Eskolaren gainean bi erabaki garrantzitsu hartu ditu: alde batetik, Zumarte birgaitzeko eta handitzeko, Construcciones Moyua SL enpresak egindako eskaintza bakar eta hortaz eskaintza ekonomiko onena bezala izendatzea erabaki du udalbatzak, eta, beste alde batetik, Udala eta Zumarteren arteko hitzarmena berritzea onartu dute. Bi erabakiak aho batez onartu dituzte alderdi politiko guztiek.

 

2018ko martxoaren 5ean egindako ez-ohiko bilkuran onartu zen Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko obra kontratua esleitzeko prozedura irekia. Eskaintzak aurkezteko epearen barruan, enpresa bakarra aurkeztu da, hots, Construcciones Moyua, SL. Pleguetan zehazten ziren baldintza guztiak betetzen dituela egitaztatu du Kontratazio Mahaiak, eta, horrenbestez, Hirigintza Batzordeari proposatu zion Construcciones Moyua SL-k eginiko eskaintza izendatzea eskaintza bakar eta, hortaz, eskaintza ekonomiko onena. Hirigintza Batzordeak, maiatzaren 3an egindako bilkuran, parte-hartzaile guztien aldeko bozkekin onartu zuen proposamena, eta udalbatzari gauza bera egiteko eskatu. Hain justu, Udalbatzak gaur berretsi du erabakia, aho batez. Moyuak egindako proposamen ekonomikoa 1.981.29,02 eurokoa izan da. Kopuru horren pean egingo ditu lanak. Xabier Arregi alkateak azaldu duenez, Udalak lizitazioan eskatzen zuen aurrekontua ia guztia bete du, hau da, %0,89ko jaitsiera egin du soilik.

Hauxe duzue hitzarmena:

Bestetik, alkateak azpimarratu duenez, gainerako baldintza guztiak bete ditu. Esaterako, langileek eraikuntzako sektorearen Hitzarmen Kolektibo Orokorraren baldintzak hobetzen dituen lan-hitzarmenaren pean aritzea.

 

Orain, Moyuak hamar eguneko epea du dokumentazio guztia aurkezteko eta dagokion bermea ordaintzeko, hau da, adjudikazioaren % 7a (114.615,98 euro). Agiri guztiak behar bezala aurkeztu dituela egiaztatu eta gero, gaia ostera ere plenora eramango da, eta orduan hartuko da lanak esleitzeko erabakia.

 

Hitzarmena

Beste alde batetik, Udala eta Zumarte Musika Eskolaren arteko hitzarmenari argi berdea eman zaio. Hain zuzen, 2014eko apirilaren 15ean sinatu zuten bi aldeek hitzarmena, lau urteko iraupenarekin. Aldi hori igarota, berritzea tokatzen da, eta, hain justu, horixe izan da gaurko saioan onartu dena.

 

Hitzarmen honen helburua bikoitza da. Usurbilgo Udalari dagokionez, arautu egiten du diru-laguntza erregimena eta prekarioaz utziko dizkion lokalen erabilera. Zumarteri dagokionez, konpromisoa hartzen du Usurbilen musika-irakaskuntza sustatzea. Hitzarmenaren iraupena Zumarte Musika Eskolaren egoitzaren obrak amaitu eta ekipatu ondoren erabiltzen hasten den artekoa izango da. 2019-2020ko ikasturtea aurreikusten da. Hitzarmena, luza daiteke; edonola ere, iraupena gehienez ere lau urtekoa izango da.

 

Hala, Usurbilgo Udalak konpromisoa hartzen du urtero Zumarteri 50.000 euro emateko: gehienez ere, bere aurrekontuaren % 33 da kopuru hori. Gainerakoa Eusko Jaurlaritzak (% 33) eta ikasleen matrikulaziotik ( %33) jasotzen du. Horiek dira bere diru-iturriak. Hitzarmenean zehazten denez, ez da gain-finantzaketarik izango, eta hala gertatuko balitz, diru-laguntza murriztu egingo litzateke.

 

Obrak amaitu bitarte, beste udal-lokal batzuetan kokatuko da Zumarteren jarduera.

 

Hauxe duzue hitzarmena: