Albisteak
Atzealdea

Buruntzaldean bazterketa-arrisku egoeran dauden pertsonak laguntzeko udalen arteko lankidetzari argi berdea eman dio Usurbilgo Udalak

Bi hitzarmen sinatuko dituzte Beterri-Buruntzako udalek, eskualdean gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak laguntzeko. Hala, hitzarmen baten helburua da pertsona horientzako tutoretzapeko etxebizitza-zerbitzua eskaintzea, eta bestearena gizarteratzeko eta laneratzeko programak abian jartzea. Biek ala biek lau urteko indarraldia izango dute, eta Usurbilgo Udalak bi hitzarmenei argi berdea ematea erabaki zuen atzoko osoko bilkuran, aho batez.

2018·12·21


Atzo arratsaldeko osoko bilkuran, Usurbilgo Udalak aho batez onartu zuen Buruntzaldean bazterketa arrisku egoeran dauden pertsonak laguntzeko udalen artean garatu diren bi hitzarmen sinatzea: Buruntzaldean bazterketa-arriskuan dauden pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitza-zerbitzuak emateko hitzarmena da bata, eta Beterri-Buruntza eskualdean bazterketa-egoeran dauden pertsonentzako gizarteratze- eta laneratze-programaren zerbitzua emateko hitzarmena da bestea.

Lehenengo hitzarmena Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek sinatuko dute, esan bezala, eskualdean bazterketa-arrisku egoeran dauden pertsonei zuzendutako tutoretzapeko etxebizitza-zerbitzuak emateko. Hitzarmenaren aurrekarietan nabarmentzen denez, Eusko Jaurlaritzak 2015eko urriaren 6an 185/2015 Gizarte Zerbitzuen Euskal sistemako prestazioen eta zerbitzuen zorroari buruzko dekretua onartu zuenetik, Beterri-Buruntzako eskualdeko udaleko gizarte-zerbitzuek ezinbestekoa ikusi zuten indarrak batzea eta elkarlanean aritzea. Norabide horretan, lehentasuna eman diote, udal-eskumenekoa izaki, bazterketa-arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuetan alojamendua emateko zerbitzua eskaintzeari. Zerbitzu hori arautzen duen arautegia ere landu dute, eta arautegi horri ere, argi berdea eman zitzaion atzoko plenoan. Orain, 30 egunez jendaurrean jarriko dute arautegia, alegazioak aurkezteko.

Gauzak horrela, zerbitzua Buruntzaldea mailan bermatuko da, eta, horretarako, Lasarte-Orian eta Hernanin alojamendu bana eskainiko da. Zerbitzuaren nondik norakoak arautegian jaso dira, hala nola nortzuk diren zerbitzuaren hartzaileak, erregimen ekonomikoa eta ordaintzeko modua, sartzeko prozesua eta udal bakoitzaren jarraipena. Gizarte-zerbitzuetako teknikariek egingo dute zerbitzuaren tutoretza.

Gizarteratzeko eta laneratzeko programa

Bigarren hitzarmena Beterri-Buruntza eskualdean bazterketa-egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko programaren zerbitzua emateko dagokiona da. Helburu nagusia bailaran enplegu soziala garatzea da, Enplegu Sailekin elkarlanean. Kasu honetan, ordea, bost udalek sinatuko dute hitzarmena: Usurbilgoak, Urnietakoak, Hernanikoak, Astigarragakoak eta Andoaingoak. Lasarte-Oriako Udala hitzarmen honetatik kanpo geratu da. Hitzarmenaren iraupena lau urtekoa da, eta udal bakoitzak konpromisoa hartu du dagokion diru ekarpena egiteko. Guztira, 52.875 € bideratuko dira, eta Usurbilgo Udalak 8.818,39 € jarriko ditu. Programaren kudeaketa urtez urte eskualdatuko da, eta Usurbilgo Udalari 2021-2022 artean kudeatzea egokituko zaio.