Albisteak

Atzealdea

Birziklatzea beste inon baino garestiagoa da Gipuzkoan

EAEko Auzitegi Nagusiak San Marko Mankomunitatearen 2016ko aurrekontuak baliogabetu ditu, eta Hernaniko, Oiartzungo eta Usurbilgo udalei arrazoia eman die. Bigarren aldia da epaitegiek arrazoia ematen diela udal horiei, izan ere, mankomunitateko 2014ko aurrekontuak ere baliogabetu zituen iazko azaroan Espainiako Auzitegi Gorenak. Sententzia eskutan, elkarrizketarako deia egin dute udaletako ordezkariek eta hondakinen kudeaketaren ziklo osoan tarifikazio-sistema justuak eskatu dituzte, hau da, birziklatzea saritzeko eta gaizki ari direnak zamatzeko.

2018·04·24


Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak San Marko Mankomunitateko 2016ko aurrekontuak baliogabetu ditu, eta arrazoia eman dio Hernaniko, Oiartzungo eta Usurbilgo udalek jarritako helegiteari. Aurreko ostiralean aurreratutakoari buruzko azalpen zehatzak emateko, gaur Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udal ordezkariek agerraldia egin dute San Marko Mankomunitateko egoitzan.

Epaia argia da: 2016ko aurrekontuak baliogabetu ditu eta San Marko Mankomunitatea behartzen du auzibideak eragin dituen kostuak ordaintzera. Luix Intxauspe Hernaniko alkateak azaldu duenez, ez da lehen aldia gisa honetako epai bat jasotzen dutela: "Iazko azaroan, toki berean elkartu zintuztegun beste epai baten berri emateko. Orduko hartan Espainiako Auzitegi Gorenak 2014ko aurrekontuak baliogabetu zituen. Bigarren aldiz, epaitegiek arrazoia eman digute. Zuzen genbiltzan”.

Aurrekariak

2009tik aurrera, San Marko Mankomunitateko hainbat herritan gaikako bilketa selektiboa egiten hasi ziren. Udalek mankomunitateari egin beharreko ekarpena, ordea, ez zen egokitu errealitate berri horretara. Ondorioz, 2014an, aurrekontuak errekurritu egin zituzten. 2015 eta 2016 urteetan ere egoera errepikatu egin zen, eta, ondorioz, orduko haiek ere epaitegietara eraman zituzten, EAJ eta PSE-EEko ordezkariek entzungor egiten jarraitzen ziotelako sistema justuago bat martxan jartzeari.

Xabier Arregi Usurbilgo alkatea argi mintzatu da: “Aurrekontu horien helburua bilketa selektiboa ondo egiten ez duten herriak ez kaltetzea izan da; ondo egin ala ez, berdintsu tratatzen ditu herri guztiak San Markok, eta, horrela, hondakin-bilketa eraginkorrak martxan dituzten herriak eta herritarrak zigortu egiten ditu. Hondakinak modu jasangarrian kudeatu nahi badira, ezinbestekoa da ondo egiten ari dena saritzea, eta gaizki ari direnak zigortzea”. Hernaniko, Oiartzungo eta Usurbilgo udalon iritziz, herritarren praktika onak saritu behar dira eta txarrak zamatu. Irizpide horrek gidatu beharko lituzke edozein erakunderen aurrekontuak, baita San Markorenak ere, horrenbestez.

Europako zuzentarauak betetzeko bidea

Aurrekoa Europatik datozen zuzentarauekin bat dator. Lehengo astean bertan Europako Parlamentuak birziklatzea sustatzeko eta zabortegiak nahiz erraustegiak gutxitzeko erabaki sorta hartu zuen, ekonomia zirkularrarekin lotutako hainbat egitasmo onartzearekin batera. Orain, Europako Kontseilura igorriko dituzte, arau bihurtzeko. Horien arabera, 2025erako hiri-hondakinen % 55 birziklatu egin beharko dira eta 2035erako, hondakinen % 65. Halaber, 2035erako hondakinen % 10 baino ezingo dira isuri zabortegietara.

Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen, aspalditik ari gara lortzen % 80tik gorako bilketa selektibo-tasak. Eta halako emaitzak saritu egin behar dira, baita ekonomikoki ere. Hala dio Europako Parlamentuak ere: hondakinen finantza-sistemak lagundu egin behar duela”, adierazi du Arregik.

Elkarrizketarako prestasuna

Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udal ordezkariek, iazko azaroan agertutako jarrera berretsi dute gaur: “San Markorekin hitz egiteko deia egin genuen, eta horretan berresten gara gaurkoan ere”.2018ko aurrekontuetan aldaketa txikiren bat izan bada ere, ez da aski”, azaldu du Eneritz Arbelaitz Oiartzungo alkateordeak. “Hala ere, aurtengo aurrekontuak ez ditugu epaitegietara eraman elkarlanerako dugun prestasuna erakusteagatik. San Marko Mankomunitatearen aldetik gardentasuna, zintzotasuna, eta gure herriekiko eta herritarrekiko errespetua espero ditugu”.

2014ko aurrekontuen sententzia egikaritzeke dago oraindik.Kalkuluak egiten dituztenean baloratuko dugu justuak ote diren edo ez”, nabarmendu du Arbelaitzek.

Gipuzkoa osorako tarifikazio justua aldarri

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, 2017an San Marko Mankomunitatean % 46,9a bildu zen gaika. Gipuzkoa guztian soilik bi mankomunitatek dituzte gureak baino datu eskasagoak edo oso antzekoak. Debabarrenak eta Urola Kostak. Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen hondakinak gaika biltzen daramatzagun urteetan praktikan erakutsi dugu gaikako bilketa hori baino askoz handiagoa izan daitekeela. Nahi bada, posible da.

Arbelaitzek azaldu duenez, “gure herriak ez dira ordezkatuak sentitzen mankomunitatean, gaikako bilketaren ehunekoak askoz altuagoak izanda ere, organikoaren eta errefusaren tratamendu-tarifak San Markoko portzentajearen arabera kalkulatzen dituelako Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK), eta, beste behin ere, Hernani, Oiartzun eta Usurbil zigortuak eta kaltetuak gara. Gai honen inguruan San Markon proposamena egin badugu ere, batzarrean gaia bozkatzea ukatu zitzaigun”.

GHK-ren tarifak eskandaluzkoak eta bidegabeak dira. Gaur egun, Gipuzkoan 130 eurotik gorakoa da biohondakinen -hondakin organikoa- tarifa. Gainera, lotuta dago errefusaren tarifarekin. Horrek kalte egiten dio hondakinen hierarkiari. Beste inon ez bezalakoak dira tasa horiek. Horrenbestez, Gipuzkoan birziklatzea beste inon baino garestiagoa da. Adibidez, Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian organikoaren tratamenduak 31 eta 33 euro arteko kostatua da tonak. Gipuzkoan, ordea, San Markoko herriek, 138 euro ordaintzen dituzte tonako.

Hala, Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udalek hondakinen tarifikazioa printzipio egokiekin egiteko eskatu dute:

  • Jasotako zerbitzuaren arabera ordaindutzeko. Hain zuzen, horixe da epaiak azpimarratu duena. Hori eskala guztietan aplikatzeko eskatu dute.

  • Sortzez besteko filosofia aplikatzeko, Europa Parlamentuaren irizpideek diotenari jarraikiz.

  • Praktika onak saritzeko, pizgarriekin.

  • Udal autonomia errespetatzeko. Nahi ez duenari zerbitzuak erabiltzea derrigortu gabe eta azpiegitura lokalak baldintza egokietan sustatzeko.

  • Tratamendu finalistak (dela erraustegia, dela zabortegia), zamatzeko.