Albisteak

Atzealdea

Bilera erronda abiaraziko du Udalak herriko eragileekin Gobernu Programa eta 2016ko aurrekontuak osatzeko

Usurbilgo Udala, azken astetan, 2016ko udal aurrekontuak zehazten aritu da, eta horri loturik, hurrengo urtetan aurrera eraman asmo duen lau urteko Gobernu Programa zehazteko lanetan ere bai. Usurbilgo Udalaren iritziz, herren geratuko litzateke prozesu hau, herria ehuntzen duten eragileekin partekatuko ez balitz ariketa hau. Hauen ekarpen eta iritziak jasota, aurrekontu eta gobernu plan hau, osoagoa, zehatzagoa, herriaren eta herriko eragileen beharretara egokituagoa izango da.

2015·11·22


Helburu horrekin, hurrengo egunetarako sektorekako hainbat bilera antolatu dira. Bilera hauek Udaletxean izango dira eta honakoa da horietarako prestaturiko egutegia:

 

·      Hezkuntza: Abenduak 1, 18:00etan.

·      Kirola: Abenduak 1, 19:30etan.

·      Ingurumena: Abenduak 2, 19:00etan.

·      Jubilatu elkarteak: Abenduak 4, 19:00etan.

·      Parekidetasuna: Abenduak 7, 11:00etan.

·      Kultura, Euskara eta Gazteria: Abenduak 9, 19:00etan.

·      Merkataritza eta ostalaritza: Abenduak 15, 13:30etan.

·      Garapen sozio-ekonomikoa: Abenduak 16, 19:00etan.

 

            Bileren luzera ordu eta erdikoa (90 minutu) izango da gehienez eta honako funtzionamendua izango du:

 

·      Udal aurrekontuen errepasoa egingo da, 10 minutuz.

·      Sail horren egoeraren berri emango da gero, 10 minutuz.

·      Gobernu programaren lanketa azalduko da, azkenik, 10 minutuz.

·      Hitza eragileei emango zaie ondoren, ordubetez.

 

            Bilerotan, Xabier Arregi alkatea eta, kasuan kasuko arduraduna den zinegotzi arduraduna izango dira, zuen galdera edo proposamenak jasotzen.

 

            Zentzu horretan,  ekarpenak, iritziak, gaur egungo arazoak eta epe ertain edo luzerako ideiak jaso nahi dira, hauek egingarriak izatera, Gobernu Programan sartzeko. Horrenbestez, denon arteko elkarlanean jarraitzeko, Udal jarduna herritarrekin batera egin dadin eta gardentasunez aritu gaitezen, bileretan parte hartzeko gonbita luzatzen du Usurbilgo Udalak.