Albisteak

Atzealdea

Bi mila usurbildarren ahotsa eraman du Xabier Arregik Batzar Nagusietara

Xabier Arregi Usurbilgo Alkatea, Luis Itxauspe Hernaniko alkatea eta Ana Carrere Andoaingo alkatearekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietara joan dira, garraio publikoaren defentsa egitera eta Diputazioak autobus-zerbitzuan egin nahi dituen murrizketak salatzera. Usurbilen 2.000 alegazio baino gehiago bildu ziren murrizketa horien aurka, eta alkateak ahotsa jarri nahi izan dio salaketa horri.

2017·12·01


Xabier Arregi Usurbilgo alkatea, Luis Intxauspe Hernaniko alkatea eta Ana Carrere Andoaingo alkatea Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan dira gaur goizean, garraio publikoaren defentsa egiteko eta Diputazioak autobus-zerbitzuan egin nahi dituen murrizketak salatzeko. Usurbilen ehunka herritar azaldu dira murrizketa horien aurka: guztira, 2.000 alegaziotik gora bildu ziren egun gutxiren buruan. Gipuzkoako Diputazioan aurkeztu ziren, eta erantzunaren zain daude. Xabier Arrgei alkateak alegazio horiei guztiei ahotsa jarri nahi izan die, eta Batzar Nagusietara eraman du herritarren eskaera. "Oinarrizko zerbitzuez ari gara hizketan, eta, ondorioz, ezin da murrizketarik onartu". Gizarteko sektore ahulenei eragiten diela azpimarratu du: "Askotan makro-azpiegituretan inbertitzen da, eta ahaztu egiten zaie herritarren gertuko zerbitzuak duinak izan behar dutela, eta horren defentsa egitera etorri gara hona".