Eduki publikatzailea

Atzealdea

Bi ikastaro antolatu ditu Parekidetasun Sailak

Aste honetan hasiko dira Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolatu dituen bi ikastaroak. Bata, Pepa Bojo psikologoak eskaintzen duena izango da, hau da, "Emakumeen ahalduntzea: emozioen tailerra" izenekoa izango da. Beste ikastaroa "Gorputz ikusezinak ikusten. Moda, jabekuntza feministarako tresna" izenekoa da. Izen emateko epea zabalik dago oraindik.

2018·01·08


Urte berriarekin batera, ikastaro berriak antolatu ditu Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak. Zehazki, bi ikastaro antolatu ditu, eta oraindik bada aukerarik izena emateko. Ikastaro horietako bat "Gorputz ikusezinak ikusten. Moda, jabekuntza feministarako tresna" izenekoa da. Sei larunbatetan emango da: urtarrilaren 13an eta 27an, otsailaren 10 eta 24ean eta martxoaren 10 eta 24ean, 9:30etatik 13:30etara bitarte, Potxoenean. Irakaslea Maddalen Aduriz da. Helburua, emakumeok zapaltzen gaituen moda eredu dominantea deseraikitzea da; batetik, estereotipoak eta kanon estetikoak iraultzea eta gorputzen aniztasuna inbisibilizatzen duten marketingeko neurri industrialekin apurtzea; eta, bestetik, geroz eta etekin ekonomiko handiagoa lortzeko modako industriak beste herrialdetan esplotatzen dituen ehungintza enpresetako langileen, gehiengoa emakumeak, egoeraren inguruan kontzientziatzea eta moda jasangarriaren bidean alternatibak eskaintzea.

Ikastaroaren helburuak: Inbisibilizatutako gorputzak ikusarazi eta joskintza jabekuntza feministarako tresna gisa probestea da, gure gorputzak boteretu eta horietaz gozatzen ikasteko:

1-Gure gorputzaz jabetu eta gozatu: Gorputzen aniztasuna ikusarazi eta aldarrikatuko dugu, horretarako, gorputzen antropologia landuko dugu, gure gorputzetara egokitzen diren patroiak egiten ikasiko dugularik, gure gorputzak ezagutu, maitatu eta horietaz gozatzen ikasteko.

2-Gure sormena josi eta gorpuztu: formetan, koloreetan, ehunetan… gure izaera, pentsamenduak, emozioak aldarrikatzen dituzten jantziak josten eta pertsonalizatzen ikasiko ditugu.

3-Moda jasangarria jantzi: Ingurumena, giza eskubideak eta lan eskubideak errespetatzen dituen jantzien bizitza ziklo jasangarriari (lehengai materialak, prozesuak, garraioa, salmenta, iraupena, kontsumoa...) ekingo diogu, armairuan ahaztuak ditugun eta janzten ez ditugun jantziak, oihalak… berrerabiliz eta konponketa teknikak ikasiz.

 

Ostegunean emaituko da ikastaro honetan izena emateko aukera.

Pepa Bojoren ikastaroa

Ezaguna da gure artean Pepa Bojo psikologoa, izan ere, emakumeei zuzendutako ikastaro ugari eman izan ditu Usurbilen. Orain, urtarriletik martxora bitarte, beste bat eskainiko du: "Emakumeen ahalduntzea. Emozioen tailerra". Ostegunetan iznago da, 17:00etatik 19:00era bitarte, Bake epaitegiko atzealdeko lokalean. Ikastaro honetan izena emateko epea bihar amaituko da.

Doakoak

Bi ikastaroak doakoak izango dira, eta modu hauek dituzue izena emateko:

- Telefonoz: 943 37 71 10

- Emailez: parekidetasuna@usurbil.eus