Eduki publikatzailea

Atzealdea

Bertako produktuak plazara aterako ditu aurtengo San Ixidro Egunak

Igandean ospatuko da San Ixidro Eguna, eta herriko ekoizleen produktuak ezagutzera emateko baliatu nahi dute Alkartasuna Kooperatibak eta Udalak. Hala, goizean azoka antolatu dute herrian ekoizten diren produktuekin, eta herri bazkarian ere bertako produktuak dastatu ahal izango dira. Usurbil KM0 egitasmoaren abiapuntu izatea nahi dute.

2018·05·09


San Ixidro Eguna maiatzaren 15ean bada ere, Usurbilen bi egunez aurreratu dute, eta maiatzaren 13an ospatuko da, igandearekin. Baserritarren lana eta bertako ekoizleen produktuak ezagutzera emateko eguna izan nahi du, eta Usurbil KM0 egitasmoaren abiapuntu. Hain zuzen, Beterri-Buruntza eskualdean abiatu duten lan-ildoari jarraiki, hilabete luzez aritu izan dira proiektu horren gainean lanean Udala eta bertako ekoizleak, herriko produktuak sustatzeko helburuz. Elkarrekin eta elkarlanean. Herrian badira lehen sektorean lanean ari diren hamaika produktore, eta euren lana balioan jarri, herrian ezagutzera eman eta horiek herrian kontsumitu ahal izateko bideak ireki nahi ditu Udalak. Eta aurtengo San Ixidro Eguna asmo horiek gauzatzeko baliatu nahi dute. Goiko irudia da horren lekuko. Horren erakusgarri. Hain justu, irudi hori herri bazkarian jarriko den mantela izango da.

Irudian agertzen diren ekoizleek postua jarriko dute goizeko azokan. Honako hauek hartuko dute parte:

- Jexux Agirresarobe (Han Goiko arrautzak)

- Koldo Huegim (Borda Txuri, oilaskoak)

- Arkaitz Portularrume (Barazkiak)

- Basatxerri (Txerri ustiategia)

- Jon Arregi artzaina

- Ekogunea (udal baratzak)

- Jexux Agirre (eskuareak)

- Alkartasuna kooperatiba

Halaber, herri bazkaria ere Usurbilgo baserriko produktuekin osatu dute, eta sukaldaritza- eskolakoek prestatuko dute. Hauxe da menua: menestra, oilaskoa euskal saltsan eta bertan egindako postrea. Txartelak salgai daude Alkartasuna, Artzabalen eta Bordatxon, 20 euroan.

Hauxe da, beraz, igandeko egitaraua:

10.15 Santixabeletako 46. pilota-txapelketa frontoian.
11.00 Baserriko produktuen azoka dema-plazan.
11.30 Baserritarren omenezko hamaiketakoa.
13.00
Buruhandi eta erraldoien konpartsa
14.00 Herri-bazkaria Usurbilgo baserriko produktuekin. (Txartelak salgai: Alkartasuna, Artzabal eta Bordatxon). Helduak 20 € eta haurrak 10 €.
16.00 Xebastian Lizaso eta Ane Labaka bertsolariak.
18.00 Herri kirolak.