Albisteak

Atzealdea

Berdintasuna Erein gunea sortuko du udalak, parekidetasunaz hausnartu eta erabaki nahi duten herritarrekin

2017-2020 epealdirako Usurbilgo Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako II. Plana abian jarri zenetik hilabete batzuk pasatu direla eta, udalak orain arteko lanaren gaineko balantzea egin nahi du, baita aurrera begirako erronkak eta lehentasunak finkatu. Hori egiteko gune bat sortzea erabaki du: Berdintasuna Erein. Gune edo mahai horren lehen bilera abenduaren 13an izango da, eta bertan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. Bilera Potxoenean izango da, 18:00etan.

2017·12·05


Badira hilabete batzuk 2017-2020 epealdirako Usurbilgo Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako II. Plana abian jarri zuenetik Usurbilgo Udalak, eta, udal gobernuaren ustez, garrantzitsua da orain arte egin duen bidearen gaineko balantzea egitea, baita aurrera begirako lehentasunak eta zereginak zehaztea ere. Auto-txekeo ariketa bat egitea, azken batean. Ariketa kolektibo bat.

Orain arteko bidea herritarrekin batera egin du udalak, eta hemendik aurrerakoa ere hala egin nahiko luke. Izan ere, Josune Estella Parekidetasunerako zinegotziaren ustez, ezinbestekoa da udalaren eta herri eragileen arteko elkarlana, izan talde feminista izan gaiarekiko sentsibilizatuta dauden herritarren artekoa: "Horretan sakondu nahi dugu, herrian berdintasunaren alde eragiten jarraitzeko". Horretarako, mahai bat eratzea ezinbestekotzat jo du. Hain zuzen, horixe bera aurreikusten du II. Planak. Mahai edo gune horri Berdintasuna erein izena jarri zaio.

Estraineko bilera hori abenduaren 13an izango da, 18:00etan, Potxoenean. Lehen bilera horretan gune horren egitekoaz, helburuaz, zereginaz, funtzionamenduaz eta halako aspektu teknikoez aritzeaz gainera, II. Planaren gaineko balantzea ere egingo da. Ez da gune itxia, eta nahi duen orok du horretan parte hartzeko aukera, edozein delarik ere taldearen izaera edota norbanako gisa.

Josune Estellak mezu bat bidali nahi izan du: "Erein dezagun hazia, inoiz benetako berdintasuna lora dadin".