Albisteak

Atzealdea

Berdintasun Plana osatzeko herritarrekin lehen bilera, asteazkenean

Hurrengo hilabetea funtsezkoa izango da plan berrirako, izan ere, urriaren 13an bigarren bilera bat ere egingo da usurbildarrek gai horren inguruan dituzten iritzi zein ekarpenak jaso eta plana osatzeko.

2016·09·15


Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lanean, Usurbilgo Udala II. Berdintasun Plan berria lantzen hasi da herriko eragile zein herritarrekin batera. Helburu horrekin, datorren asteazkenean, irailaren 21ean, herritarrekin lehen saioa burutuko da Potxoenean, arratsaldeko sei eta erdietatik aurrera.

Hurrengo hilabetea funtsezkoa izango da plan berrirako, izan ere, urriaren 13an bigarren bilera bat ere egingo da usurbildarrek gai horren inguruan dituzten iritzi zein ekarpenak jaso eta plana osatzeko. Horrez gain, udal mailan ere lanketa bat egingo da udal langileekin batera.

Egungo egoeraren gakoak

2010. urtean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Tokiko Plana martxan jarri zen Udalean 4 urteko epealdirako. Horren indarraldia amaituta, aurten, 2016an, II. Planaren diseinuari ekingo dio udalak.”Beraz, dagoeneko sei urte inguru dira, udalerrian berdintasuna sustatzeko, politika zehatzak eta planifikatuak martxan ditugula eta orain arte egindako lanaren balantzea egiteko une egokia dugu orain”, adierazi dute udal ordezkariek.

Izan ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana (2017-2020) diseinatu aurretik, aurreko planaren ebaluazioa egin eta berdintasunaren ikuspegitik egungo egoeraren gakoak non dauden aztertu nahi dute: “Modu honetan, jakin ahal izango dugu, azken urteetan, berdintasunaren bilakaera nolakoa izan den, zertan egin dugun aurrera eta zertan ez”.