Albisteak

Atzealdea

Auzitegi Gorenak San Marko Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak baliogabetu ditu eta arrazoia eman die Hernaniko, Astigarragako, Lezoko, Pasaiako eta Usurbilgo udalei

Mankomunitatearen irizpideek nabarmen kaltetzen zituzten gehien eta hoberen birziklatzen zuten herriak. Auzitegi Gorenaren epaiak irizpide horiek baliogabetu ditu.

2017·11·07


Albiste ona jaso dugu epaitegieetatik. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak aintzat hartu du Hernani, Pasaia, Lezo, Astigarraga eta Usurbilgo udalok San Marko Mankomunitateko 2014ko aurrekontuen aurka egindako helegitea, eta, ondorioz, baliogabetu egin ditu orduko aurrekontuak”, adierazi du Hernaniko alkate Luis Intxauspek, Hernaniko, Usurbilgo eta Oiartzungo hautetsiek gaur San Marko Mankomunitateak Donostian duen egoitzan egin duten agerraldian.

Oiartzungo Udalak ere errekurtso bat jarrita dauka Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuen aurka. Beste bost udalen errekurtsoak jarraitutako bide bera jarraitzen ari da. Orain Auzitegi Gorenaren esku dago eta Oiartzungo ordezkariek espero dute, auzia bera izanda, epaia ere norabide berekoa izatea.

2014an, Hernanin, Astigarragan, Pasaian, Oiartzunen, Lezon eta Usurbilen hondakinen bilketa selektiboaren sistema ezarrita zeukaten. Horren ondorioz, udalerriek bere gain hartua zuten hondakinen bilketa. San Marko Mankomunitatearen bilketa zerbitzua, beraz, ez zuten erabiltzen udalerri horiek, eta, hala ere, Mankomunitateak urtero-urtero kobratzen zien zerbitzu horrengatik.

 

Mankomunitatearen tasak ezartzeko irizpideak, beraz, ez ziren egoera berrira egokitu eta atez ateko sistema ezarrita zeukaten udalerriak bi aldiz ordaintzen ari ziren bilketarengatik. “Udalerriek mankomunitateari ordaindu beharreko zenbatekoa herri bakoitzaren biztanleen araberakoa zen, eta ez, ordea, bidezkoa den bezala, mankomunitateak herri bakoitzari eskaintzen zien zerbitzuen arabera”, azaldu du Eneritz Arbelaitz Oiartzungo zinegotziak.

 

 

 

Irizpide horiek erabilita, atez ateko sistema geneukan udalok, gure hondakinak biltzeak eragiten zituen gastuez gain, beste udalen (garai hartan Donostia, Urnieta, Errenteria eta Lasarte-Oria) bilketa gastuak ere gure gain hartzera behartu gintuzten, gure tarifa nabarmen zamatuz, kaltetuz. Hala, Hernaniko herritarrek zegokiena baino 114.000 euro gehiago ordaindu behar izan zituzten; Pasaiak 93.000 euro gehiago; Oiartzunek 60.000 euro gehiago; Lezok 35.000 euro gehiago, Astigarragak 30.000 euro gehiago; eta Usurbilek 3.000 euro gehiago”, gogorarazi du Arbelaitzek.

Sanmarko Mankomunitatearen irizpide hori bidegabea zela eta hondakinen kudeaketa ona zigortzen ari zela iritzita, bost udal horiek, batetik, eta Oiartzungo Udalak, bere aldetik, Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak errekurritu zituzten. “Gure herria eta herritarren mesedetan, orduko udal agintariek aurrekontu horiek errekurritzea erabaki zuten, eta erabakia hiru urte geroago etorri bada ere, pozteko modukoa da”, esan du Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bost udal horien aldeko epaia eman zuen 2015eko ekainean, baina Sanmarko Mankomunitateak, horrekin ados ez zegoelako, kasazio errekurtsoa aurkeztu zuen. Espainiako Auzitegi Gorenak errekurtso hori ezetsi du orain eta bost udalei eman die, beraz, arrazoia. Epai horren arabera, ez da legezkoa jasotzen ez den zerbitzu batengatik kobratzea.

2014ko aurrekontuak ez ezik, 2015ekoak, 2016koak eta 2017koak ere errekurrituta daude arrazoi berarengatik. Atez ateko bilketa sistema duten udalerriek ez dute Mankomunitatearen bilketa zerbitzua erabiltzen eta, hala ere, urtez urte ordaintzen ari dira.

Ikusi beharko dugu epaia nola exekutatzen diren”

 

Orain ikusi beharko dugu epai hau nola exekutatzen den, mankomunitateak nola kitatzen dituen udalekin dituen zorrak. Gainera, 2015, 2016 eta 2017ko aurrekontuak ere errekurrituta daude, eta ikusteke dago nola eragiten duen epai honek auzibide horietan”, esan du Usurbilgo alkateak.

 

Edozein kasu, aurrera begira jarri nahi dugu, eta publikoki adierazi nahi dugu gure prestutasuna 2018ko aurrekontuei begira adostasunak lortzeko. Tarifak kalkulatzeko irizpideak berraztertzeko exijitzen diegu”, erantsi du.

 

Epaiaren exekuzioa adosteko eta 2018ko aurrekontuetan irizpideak aldatzeko eskatzeko, gaur bertan eskatu dute Mankomunitatearen zuzendaritzarekin biltzea.

 

Xabier Arregik esan bezala, “oinarrian dago gakoa: praktika onak saritu nahi ote diren edo ez, hots, gaikako bilketa eta birziklatzea saritu nahi diren edo ez. Eta, zentzu honetan, gaur hemen ordezkatuta gauden udalon jarrera argia da: herritarren praktika onak saritu behar dira, eta txarrak zamatu, eta irizpide horrek gidatu beharko luke San Markoren aurrekontua. Ez baita posible %80ko gaikako bilketa egiten dugun herriok beste herriek bezain beste edo gehiago ordaintzea. Injustua da erabat. Eta baldintza edo irizpide hori, gainera, eskala guztietan ezarri beharko litzateela uste dugu, kudeaketaren ziklo osoan”.

Hemen ikusgai epaia.