Albisteak
Atzealdea

Aurrekontuak

2020ko maiatzeko Udalberrin argitaratutako zutabea, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren murrizketez.

2020·05·22


Izugarrizko danbatekoa eragin du Covid19k gizartearen esparru guztietan, eta udaletara ere iristen ari dira danbatekoaren hotsak. Esate baterako, komunikabideen bidez jakin berri dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak foru dekretu bat onartu duela, UFFF Udal Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murrizteko. Oso larria eta kezkagarria da erabakia, udalek eskaintzen dituzten zerbitzuak oinarrizkoak direlako herritarrentzako eta krisi honetan gure gain hartzen ari garen zama ekonomikoa itzela delako. Udalen diru-sarrera nagusietako bat da foru funtsa. Usurbilgo Udalaren kasuan, herena (udal txikien kasuan, %60). Aurten, esate baterako, 4.472.739€ jasotzea aurreikusi genuen, baina, murrizketaren ondorioz, ia 900.000 euro gutxiago jasoko ditugu.

 

Erabakia bera da larria, baina baita erabakia hartzeko modua ere. Lankidetza, adostasuna, akordio indartsuak eta lidergotza konpartituak beharrezkoak diren garaiotan, foru aldundiak aldebakarrez jardun du, udalekin hausnartu, eztabaidatu eta adostu gabe.

Egoera honen aurrean, Gipuzkoako 55 alkatek bat egin, eta honako eskaera hauek luzatu dizkiogu foru aldundiari:
1. Atzera bota dezala UFFF bueltatzeko onarturiko erabakia.
2. 2020ko aurrekontu-aurreikuspenak bere horretan manten ditzala udalentzat.
3. Zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, UFFFaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea, 2021ean hasita, inongo interesik gabe.

Afera hori ez da udal-aurrekontuetan eragiten digun bakarra. Badaude beste hamaika galdera oraindik erantzuteke, hala nola, aurreko urteetako gerakina erabil ote dezakegun edota udaletako zorpetze-muga aldatuko ote den.

Ikusten duzuenez, beraz, udalen finantziazioan ziurgabetasuna da nagusi. Edonola ere, hasita gaude 2020ko aurrekontuak berregokitzen. Une honetan gure aurrei-
kuspena da, guztira, gutxi gorabehera, 1.600.000 euro murriztu beharko ditugula aurrekontuak.

Ariketa zaila dugu esku artean, baina Usurbilgo udalbatzarra osatzen dugun hiru alderdi politikoak, EHBilduk, EAJk eta PSEk, bat egin, eta garbi dugu une honetan zerk duen erabateko lehentasuna: tokiko gizarte-, kultura- eta ekonomia-sarearen zaintzak. Jendearen bizitza da zaindu behar dena, eta irizpide hori hartu dugu oinarri egin ditugun proposamen guztietan.

Aurrekontuak birformulatu behar ditugu, eta sarrerak eta gastuak berriz kuantifikatu. Inbertsio lerroak aldatu, eta honako alor sozial hauetan egingo dugu ahalegin ekonomikoa:

1. Tokiko ekonomian, bereziki, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorean.
2. Euskal kulturan, bereziki, tokiko sortzaileak lagunduz.
3. Herritarren gizarte babesa.

Ez dugu erronka makala esku artean. Baina nik argi dut: inoiz baino beharrezkoagoa da herri gisa pentsatu eta aritzea. Herriarekin eta herriarentzat.