Eduki publikatzailea
Atzealdea

Aurrekontuak

Azaroko Udalberrin kaleratutako zutabea

2018·11·09


 

Udazken betean gara, eta heldu da datorren urteari begira jartzeko garaia. Herriko diru-kutxa, gu guztion dirua, nola eta zertan erabiliko dugun erabakitzeko momentua da.

Udalaren zeregin erabakigarrienetakoa da aurrekontuen diseinua. Zer egin nahi dugun esatea ez da aski; nahi dugun horrek sostengu ekonomikorik baduen ikusi behar da. Asmoek bat egin behar dute aurrekontuekin. Eta horretan ari garela, berehala konturatzen gara gure diru-kutxak ez duela ematen egin nahiko genukeen guztiari eusteko.

Ariketa zail horretan, oreka eta neurritasunarekin batera, gure aurrekontuak koherenteak, interes sozialekoak eta partizipatiboak izatea nahi dugu.

Koherenteak izango dira ibilbide, plangintza eta norabide estrategikoan ondo egokitzen badira. Horretarako, noski, aurrera begirako lan-ildoak eta arlokako programak ezinbestekoak dira. Usurbilen badugu Gobernu-Programa bat, baditugu iraganetik datozen egitasmoak eta landu dira arloz arloko plangintzak ere. Esate baterako, nabarmentzekoak dira Kale Irekiak mugikortasun-plana, Errioa Bizi! Ekintza-plana, Usurbil 0.0 hondakinen programa, jubilatuen bizitza aktiborako egitasmoak, Parekidetasun Plana eta beste hainbat. Horiek denek testuinguru bikaina ematen digute urteko aurrekontuak tresna isolatuak izan ez daitezen.

Aurrekontuei interes soziala eskatzeak sobran behar luke. Nola ba bestela? Hala behar lukete definizioz, baina aski da ingurura begi zorrotzez begiratzea, konturatzeko maiz interes pribatuei egiten zaiela men, edo, zenbaitetan, sektore ahul eta behartsuenak bazter uzten direla. Interes soziala lehenesteko, Usurbilgo Udalak hiru esparrutan jartzen du arreta: herri-nortasunean (gure baloreetan), herri-eredu jasangarrian (gure baloreen arabera garatutako proiektuetan), eta ongizartean (denok ondo bizitzeko bitartekoetan). Hiru esparru horiek elkar-elikatu egiten dute, eta osotasuna ematen diote gure herri-ikuskerari.

Parte hartzean arreta jartzea ere ezinbestekoa da. Herritarren hitza kontuan hartu ezean, ezin baita aurrekontu egokirik taxutu. Asmo horrekin antolatuko dugu bilera sorta bat Usurbilgo herri/auzoetan, azaroaren 19tik 22ra. Bilera horietan herritarren iritziak eta proposamenak jasoko dira. Beraz, animatu nahi zaituztegu horietan parte hartzera, aurrekontuez ez ezik, bestelako kontuez ere hitz egiteko aukera izango dugu eta.