Albisteak

Atzealdea

Atxegaldeko Mahaspildegiko aparkalekua berritu du Usurbilgo Udalak

Obrak 2016ean hasi eta bi fasetan garatu dira. Horrez gain, inguruetan hainbat hobekuntza lan egin dira, Led argiteria instalatuz eta ubide berriak jarriz, esaterako.

2017·02·20


Mahaspildegi auzoko Atxegaldego gunean dagoen aparkalekua zaharberritu du Usurbilgo Udalak, eta dagoeneko erabilgarri dago. Lan horiei esker, aparkaleku plazak bikoiztu egin dira, 34 aparkaleku eta mugikortasun urriko aparkaleku bat eraikiz. Horrez gain, inguruetan hainbat hobekuntza lan egin dira, Led argiteria instalatuz eta ubide berriak jarriz, esaterako.

Obrak 2016ean hasi eta bi fasetan garatu dira. Lehen fasean, besteak beste, espaloia berritu eta aparkalekurako sarrera egokitu dira. Bigarren fasearen helburu nagusia aparkaleku kopurua handitzea izan da. Mendebaldean ezarritako aparkaleku lerro zuzena aldatu eta bateriako lerro bat jarri da.

Aurretik prestatuak

Fase honen exekuzioa aurrenekoa baino sinpleagoa izan da, instalazio eta ekipamendu guztiak aurretik prestatuak izan baitira. Fase hau burutzean, aparkaleku guneari ez zaio espaloi batekin eman amaiera, hirugarren faseari begira, zabalpen bat egiteko asmoa egon daitekeelako.

Bi faseen artean 46.534 euro (BEZ gabe) erabili dira, eta Lasuen Construcciones-ek izan du lanak burutzeko ardura.