Albisteak

Atzealdea

Artzeri egingo zaion herri-omenaldian parte hartzeko deia egin dute

Ekainaren 16an egingo zaio omenaldia Joxean Artzeri, eta ekitaldia antolatzen ari den batzordeak garrantzi handia eman dio herritarrek ere, modu batez edo bestez, parte-hartzeari. Hala, arratsaldez Artze anaien txalaparta jotzeko, eta, txalapartaren hotsarekin tartekatuta, haren poemak errezitatzeko gonbita egin diete herritarrei. Antolaketa errazteko, aurrez eman behar da izena

2018·05·11


Jakina denez, ekainaren 16an egingo zaio omenaldia Joxean Artzeri. Omenaldia herrikoia izatea nahi du Artze lantaldeak. Egun horretarako antolatutako egitarau zabalaren barruan, arratsaldean, Joxean Artzeren lanaren aitortza egingo da, poesia eta txalaparta uztartuz. Bertan, Artzerekiko sentimenduaren bat adierazi nahi duten guztiek parte-hartzea nahi dute, txalaparta joz edota poema bat irakurriz. Elizako hormaren ondoan Artze anaien txalaparta jarriko dute, eta gonbidapena egin diete txalapartariei bertara modu librean hurbildu eta txalaparta jotzera.

Txalapartaren hotsarekin tartekatuta, Joxean Artzeren poemak errezitatuko dira. Eta poemak errezitatzeko gonbita ere egin dute. Zehaztu dutenez, Joxean Artzeren lana bihotzean daraman edonork du parte hartzeko aukera.

Ekitaldia 18:30ean hasiko da, dema-plazan. Antolaketa lanak errazte aldera, parte hartzeko, aurrez izena emateko eskatu du batzordeak. Hauexek dira telefonoak: 943 37 19 99 (goizez) eta 943 36 06 92 (arratsaldez).

Erregistro liburua

Bestalde, egunean bertan, Erregistro Liburu bat ere jarriko da, Joxean Artzeri zerbait idatzi nahi dionarentzat. Ekainaren 16a baino lehen ere egongo da horretarako aukerarik. Potxoenean izango da liburua.