Albisteak

Atzealdea

Artzabalgo plaza berritzeko hitzarmena sinatu dute bizilagunek eta Udalak

Usurbilgo Udalak plazako zoladura konpontzeak eragingo duen kostua bere gain hartu du: 267.000 euro. Puntapax kaleko 10-12-14 eta 16ko bizilagunek, euren aldetik, inpermeabilizazio gastuak ordainduko dituzte: 64.000 euro. Lanak udazkenean hasiko dituzte, komertzioek uda ostean hasteko eskatu baitzuten.

2017·11·28


Urte luzez epaitegietan katramilatuta egon den auziari konponbidea eman zaio, eta udazkenean hasiko dira Artzabalgo plaza konpontzeko lanak. Proiektuak aurreikusten dituen kostu guztiak Usurbilgo Udalak hartuko ditu bere gain, hau da, obrak guztira 267.000 euroko kostua eragingo du, eta Udalak bi urtetan ordainduko du. Inpermeabilizazio kostua, aldiz, Puntapax kaleko 10-12-14-16 bizilagunek ordainduko dute. Kostu txikia izango du horrek, ia 64.000 euro, hain zuzen ere. Hala geratu da jasota Usurbilgo Udalak eta bizilagunen lehendakariak sinatutako hitzarmenean.

Plazako tabernak eta komertzioak eskatuta, lanak uda igaro ondoren hasiko dituzte, euren komertzioei ahalik eta gutxien eragiteko. 2018ko aurrekontuetan 150.000 euro jaso dira lan horietarako, eta, gainerakoa 2019an ordainduko da. Usurbilgo Udalak beharrezkoa ikusi du plazako zoladura konpontzea, oso egoera txarrean baitago baldosa. Halaber, lan horiek baliatuko dira, inpermeabilizazioa berritzeko, berme epea iraungita duelako. Udalak obra guztia amaitu artean bere gain hartuko ditu gastu guztiak, baita inpermeabilizazio gastua ere. Lanak amaitutakoan, bizilagunek Usurbilgo Udalari itzuliko diote aurreratutako dirua, eta bi fasetan ordaintzeko aukera izango dute.