Albisteak
Atzealdea

Artzabalgo parkean mantenu lanak egingo ditu hurrengo astean Udalak

15 urte igaro dira Artzabalgo urbanizazioa eta parkea egin zirela, eta beharrezkoa ikusi da, horrenbestez, astigar basoan mantenu lanak egitea, etorkizunean ere astigar mota ezberdinez osatutako parkea izaten jarrai dezagun. Horretarako, hainbat zuhaitz moztuko dira, hazkuntza txikiagoa izanagatik ere, osasuntsuago dauden beste zuhaitzen mesedetan. Datorren astean hasiko dituzte lanak.

2019·02·05


Artzabalgo parkean udal zerbitzuek mantenu lanak egingo dituzte egunotan. 15 urte igaro dira Artzabalgo urbanizazioa eta parkea egin zirela. Ordutik, han landatu ziren astigar basoa hazi egin da, eta beharrezkoa ikusi da mantenu lanak egitea, etorkizunean ere astigar mota ezberdinez osatutako parke bat izan dezagun. Horregatik, datozen egunotan, udal zerbitzuek Artzabalgo parkean dauden astigarren bakanketa lanak egingo dituzte, parkea egin zenean erabilitako irizpide bera jarraituz. Zenbait kasutan hazkuntza handia izan duten astigar batzuk moztu egin beharko dira, hazkuntza txikiagoa izan duten baino osasuntsu dauden beste zuhaitzen mesedetan. Beste zenbait kasutan, modu desegokian hazi eta etorkizun urria duten zuhaitza txikiak moztuko dira.

Guztira, 40 bat zuhaitz (parkeko zuhaitzen % 20 inguru) moztea aurreikusten da; aurten erdiak eta hurrengo urtean, gainerakoak. Edonola ere, egungo Artzabalgo parkearen xarma, itxura eta izaera mantenduko da, udaberri eta udan itzal estimatuak eskainiz eta udazkenean hosto koloreen festaz gozatuz. Hortaz, honako lanak beharrezkotzat jo dira, etorkizunean ere Artzabalgo parkeaz gozatu ahal izateko.