Eduki publikatzailea

Atzealdea

Aranerrekako ingurua biziberritzeko proiektua abiatuko du Udalak

Añarbek 50 urte bete dituela-eta, urtemugaren harira, mankomunitatea osatzen duten udalerriei diru-laguntza berezia emango die urarekin lotutako proiektuak gauza ditzaten, eta Usurbilgo Udalak aukera hori baliatu du Aranerreka errekaren ur kalitatea aztertzeko, eta, ondotik, erreka garbitzeko egin beharreko inbertsioak egiteko. Azterlana Ekolurrek egingo du hilabeteotan. Horrekin batera, errekarekin harremana areagotzeko helburuz, jolasgune bat ere jarriko du Errekatxikin.

2018·07·11


Aranerreka erreka eta haren ingurua biziberritzeko asmoari ekin dio Udalak. Horretarako, hainbat egitasmo abiatuko ditu hurrengo hilabetean; alde batetik, Aranerrekaren uraren kalitatea aztertuko du eta erreka garbitzeko neurriak hartuko ditu; eta, beste alde batetik, Errekatxikiko parkean jolasgune bat jarriko du.

Hain zuzen, Añarbeko Urak, bere 50. urteurrena dela-eta, egitasmo garrantzitsua abiatu du: mankomunitateko udalerriek urarekin zerikusia duten ekintzak finantzatzeko programa. Hain justu, Usurbilgo Udalak diru-laguntza hori baliatu nahi du Aranarreka garbitzeko, eta Ekolur enpresari adjudikatu zaio zeregin hori.

Aranerreka Artxubieta eta Arratzaingo eremuan sortu, Usurbilgo kaxkoa zeharkatu eta Oria ibaian amaitzen den errekastoa da. Kaxkoa zeharkatzen duen erreka izanik, gizakiaren eragina pairatu izan du eta pairatzen jarraitzen du. Edonola ere, funtzio garrantzitsua bete izan du erreka horrek urteetan zehar usurbildarrentzat, eta, gaur egun ere, aisialdirako gune berde garrantzitsuetako bat da. Hain zuzen, espazio horren erabilera areagotzeko helburuz, Aranerrekari aire berri bat eman nahi dio Udalak, eta usurbildarrek erreka horrekin duten harremana indartu. Berriki, gainera, Aranerreka elkartea sortu berri da, besteak beste, asmo horretarako.

Esan bezala, beraz, lehen urratsa errekaren ur kalitatea aztertzea izango da. Horretarako, lehenik, saneamendu azpiegiturak ikuskatuko ditu Ekolurrek. Gaur-gaurkoz ez dira baserri asko bertara isurtzen dutenak, baina, edozein kasuan, ikuskaritza-lanak egingo dira epe laburrean, isurketak neurtzeko. Seguruena, abuztuan bertan. Behin egoera eta arazoak identifikatuta, udazkenean Aranerrekaren ur kalitatea hobetuko luketen ekintzak gauzatzea aurreikusten da. Egingo diren inbertsio eta ekintza guztien berri herritarrei emango zaie, horretarako propio sortuko diren bitarteko komunikatiboen bidez. Abendurako amaituta izatea aurreikusten da. Orotara, proiektu honek 10.000 euroko aurrekontua du.

Kale Irekiak prozesuan sortutako proposamena

Erreka garbitzearekin bat, erreka ingurua ere biziberritu nahi du Udalak, eta espazio horri aire berria eman. Horretarako, lehenik, Kalezarrera doazen eskailerak berritu ditu. Amaitzear daude lanak. Eta, bestetik, eremu berdean jolaserako elementuak jarriko ditu. Hain zuzen, espazio publikoa berrantolatzeko egindako Kale Irekiak parte-hartze prozesuan herriko haurrekin egindako saioetan egindako eskaera izan zen horixe bera: parkean jolaserako elementuak jartzeko. Urak Bide taldeak osatu du proiektua. Hala, ingurua kontuan hartuta eta integrazioa zainduz atonduko da parkea.

Hauxe proiektua: