Eduki publikatzailea
Atzealdea

Andatzan beste monumentu megalitiko bat topatu du Aranzadik

Asteon aurkeztu du Aranzadik jendaurrean Andatza mendigunean egindako X. Prospekzio kanpainaren emaitza, eta, ikerketaren arduradunek baieztatu dutenez, Txangosta inguruan, monumentu megalitiko bat topatu dute. Itxura guztien arabera, trikuharri bat. Gizakiak egindako egitura bat dela baieztatu dute, baina uste baino konplexuagoa denez, ikerketa sakonagoa egingo dute.

2019·01·24


Susmoa baieztatu du Aranzadik. Andatzan, Txangosta inguruan, beste monumentu megalitiko bat dago. Itxura guztiaren arabera, trikuharri bat. Horixe jakinarazi zuten asteartean, Andatzan egindako indusketa arkeologikoen emaitzak aurkezteko Usurbilgo Udalak antolatutako solasaldian. Hizlariak Izaro Quevedo eta Manu Zeberio azterketa arkeologiko honen arduradunak izan ziren. Hitzaldiak herritarren jakin-mina piztu zuen, eta herritar ugari bertaratu ziren Potxoenera.

Andatzako Estazio Megalitikoa ezaguna da. Estazio megalitiko honetan 10 monumentu daude, denak trikuharriak: Andatza I eta II, Arkutxa, Beldarrain, Belkoain, Karramiolotz, Loatzu I eta II, Olaiko eta Zarateko Bentako trikuharriak. Zerrenda horri, beraz, beste bat eransteko modua legoke, izan ere, Aranzadiren arabera, Txangostan beste monumentu megalitiko bat dago, trikuharri bat ziur aski. Hain zuzen, udara honetako prospekzio kanpainan ingurune hori aztertzen eta interpretatzen eman dute. 2003tik ari da Aranzadi Andatza mendigunearen okupazioari buruzko azterketa arkeologikoa egiten.

Izaro Quevedo eta Manu Zeberiok azaldu zutenez, 2004an Txongosta izeneko lekuan egitura berezi bat identifikatu zuten. Hainbat lagunek bazuten leku horren berri; haatik, bertan kokatzen diren aztarnak ikertu gabe zeuden, eta inork ez zekien zer ziren. Horregatik, 2018an zundaketa arkeologiko bat egitea erabaki zuten, ea naturala ote den edo gizakiak egindako egitura bat den ziurtatzeko. Honako ezaugarri hauek ditu aztarna horrek: harri pilaketa bat eta haren gainean bi harri handi zutik, eta hegoalderantz beste harri bat dago dago, etzanda.

Egituraren ezaugarriak ezagutzeko asmoz, eta inguruko landaredia guztia kendu ondoren, egituraren erdialdea ikertu dute, ea zutik dauden harriak naturalak diren edo ez jakiteko asmoz. Hala, landaredia kendu bezain pronto harri txiki batzuk azaldu dira, eta bi harri handiak eusteko jarrita daudela ikusi ahal izan dute, alegia, gizakiak jarritakoak direla. Eremu horretan gainera, suharrizko xafla bat eta harri-kristal bat ere aurkitu dituzte, eta tamaina ezberdinetako harriz eta lurrez osatutako tumulu bat dagoela ziurtatu dute.

Ikerketa ahalik eta ondoen jarraitu ahal izateko, lana bertan behera utzi dute momentuz, eremu osoa ondo garbitu arte, izan ere, tumuluaren gainean zuhaitzak daude. 2019an ikerketa sakonagoa egiteko, indusketekin jarraituko dute.