Albisteak

Atzealdea

Andatza mendian, Puelazar inguruan gertaturiko suteaz Usurbilgo Udalaren adierazpena

Igandetik astelehenera luzatu zen sutean, guztira 6,5 hektarea erre dira. Horietarik 5,5 lur publikoak dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak.

2015·11·12


Igandean izan zuen Usurbilgo Udalak Andatza mendiko Puelazar inguruan piztutako suaren berri. Jakinarazpena jaso bezain azkar, sutearen eremura bertaratu ziren mendietako erretena eta Udalaren ordezkari gisara, Xabier Arregi alkate eta Joxe Mari Iribar Ingurumen eta Nekazaritza zinegotzia.

Lehen unean, sua itzaltzeko lanetan mendiko erretena aritu zen, suhiltzaileak ere bertaratu zirelarik. Sutearen ezaugarriak eta kokapena ikusita, mendi protokoloa martxan jarri zuten eta erretenak sua itzaltzeko lanetan jarraitu zuen basozainaren koordinaziopean.

Igandean, arratsaldeko 19:00etan, sua itzalita eta perimetroa bustita utzi zuten hauek, protokoloak adierazten duen bezala.

Gauez basozainak eremuan zainketa lanak egin zituen. Udalak uneoroko jarraipena egin zion gaiari.

Igande gauean berriz aktibatu zen sua, eta basozainak erretena berriz biltzeko jakinarazpena luzatu zuen. Sua kontrolpean ez zegoela ikusita, astelehen goizean Errenteria eta Hondarribiako erretenak eta Usurbilgo Udal Brigada ere gehitu zitzaizkion Usurbilgo erretenari.

Astelehen arratsalderako sua itzalita zegoen eta basozaina zainketa lanak egiten aritu zen berriro.

          

6,5 hektarea erre dira guztira

           

Usurbilgo Udalak eskerrak eman nahi dizkie sua itzaltzeko lanetan aritu ziren Usurbilgo erreteneko kideei, Usurbilgo Udal Brigadako langileei, Errenteria eta Hondarribiako erretenei, basozainari eta, baita, bertaratu ziren suhiltzaileei ere.

Sua zerk piztu zuen ez dago garbi, ikerketak aurerra jarraitzen duen arren.

Igandetik astelehenera luzatu zen sutean, guztira 6,5 hektarea erre dira. Horietarik 5,5 lur publikoak dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak.