Eduki publikatzailea

Atzealdea

Ainhoa eta Iñaki, etika eta politika

Maiatzeko Udalberriko idatzia

2018·05·10


inhoa Intxaurrandietaren eta Iñaki Errazkinen aurkako epaiketak eman du zer esana azken asteotan. Ez da harritzekoa. Kargu publikoetarako herritarrek hautatutako pertsona hauek Madrilgo Kontuen Auzitegira eraman dituzte, baina ez beren probetxurako dirua erabiltzeagatik (horrelakoak ez dira gutxi, baina nekezago eramaten dituzte), baizik eta aurreko agintariek sinaturiko kontratu bat, desegokia zela eta, bertan behera uzteagatik.

Epaiketa hori eragiteko aktore politikoek izandako jokabidea aztertzeak luze joko luke. Han eta hemen idatzi da horri buruz, eta Usurbilgo Udalbatzak ere onartua du mozio bat. Alderdi ikuspegiak alde batera utzi, eta ez diet helduko kontratu hori sinatu zeneko baldintzei, ez eta horrek ekarri zituen ondorioei ere. Txoko honetarako egokiagoa delakoan, gobernatzeko moduez eta horien ondorioez egingo dut aipamen laburra.

Jar gaitezen Ainhoaren edo Iñakiren larruan. Ea, aurkeztu duzu zure burua hauteskundeetara, herritarrek zure programaren arabera bozkatu zaituzte, Gipuzkoan lehen indarra izan zara, Aldundian eta GHKn karguak hartzea egokitu zaizu, eta dagokizun ardurari muzin egin gabe kudeaketa publikoari heldu diozu. Esku artean duzun gai nagusietako bat: errauste-planta eraikitzeko kontratua, aurreko kudeatzaileek in extremis, funtziotan zeudela, sinatutakoa.

Erantzukizunez jokatu nahi duzu, eta eskatu duzu baloratzea ea kontratu hori egokia den. Teknikariek erantzun dizute errauste-planta beharko litzatekeena baino askoz handiagoa dela, kalkuluak egin zirenean askoz gutxiago birziklatzen zelako. Eta ohartarazpen garbia egin dizute: kontratu hori aurrera eramateak zulo ekonomiko handia era-
gingo du. Oso ondo datorkie enpresa pribatuei, baina kalte egiten dio interes publikoari.

Horren aurrean, zentzuak eta ardurak aginduta, kontratua sinatu zuen erakundeak berak (GHKk)  orain ondorioztatu du kontratua eten egin beharko lukeela, zu buru zarela. Horrek kalte-ordainak ekartzen ditu, aurrekoek adostu eta izenpetutakoak, baina kalte horiek askoz txikiagoak dira kontratua martxan jarriz gero eragingo liratekeenak baino.

Bukatu da legealdia. Etorri dira berriz lehen izan zirenak. Heldu diote ostera lehen zegoenari. Eta auzitara eraman zaituzte, Madrilera, 41 milioi eurotik gorako kalte-ordainen zigor-eskaera eginda.Eta, diot nik: Zer egin behar zuten Ainhoak eta Iñakik? Zer eskatu behar zaio gobernu-ardurak hartzen duen pertsona bati? Zer da etikoki eta politikoki egokiago, beste batzuek oso modu hala moduzkoan sinatutako kontratuari men egitea, ala babesa jaso duten irizpide propioak aplikatuz  kudeatzea eta erabakiak hartzea?

Hor daude galderak. Erantzunak, norberak izango ditu bereak. Eta, erantzun horien arabera, gutako bakoitzak jakingo du nola jokatu, etikoki eta politikoki.