Eduki publikatzailea

Atzealdea

AGIRRETXE, KIROLA, HERRIA

Urriko Udalberrin kaleratutako zutabea

2018·10·05


Imanolek adio esan dio eliteko kirol ibilbideari. Agur sonatua izan da, oihartzun handikoa. Agur sentitua ere izan da. Barru-barrutik agertu diote zaleek, eta ez hain zaleek, elkartasuna eta estimua. Animo!, Imanol, nire partetik ere.

Gaur egun kirolariei buruz lausengu merkeak (merkeegiak) aditzera ohituta gaude. Idoloen antzera tratatzen dira askotan, beren jokabidea oso hala-moduzkoa denean ere. Kirol dohainak neurriz gain goretsi, eta pertsona estali egiten da. Ez da hori izan Imanolen kasua.

Jator agertu da, zentzuzko eta gertuko. Futbolariak ez du pertsona estali, ezta akabo esateko unean ere.

Imanol ez da adibide bakarra, ordea. Beste kirolari usurbildar batzuek ere oso presente eduki dute nongoak diren eta zertan ari diren. Ez naiz izenak aipatzen hasiko, baina errepasoa eginez gero, zailtasun handirik gabe datozkigu herri hau toki onean utzi dutenak, kirolaren mundura gure hizkuntza, izaera eta baloreak eraman dituztenak. Esango nuke badela izateko modu bat horrelakoetan agertzen dena, eta modu horrek berezko dituela errespetua, konpromisoa eta gertutasuna. Kirolari hantusteen aldean, hankak lurrean eta herrian dituzte kirolari usurbildar askok. Hori ere bada gure herriko marka.

Eta horrek balio handia du, idolo edo erreferentzia diren neurrian, besteentzat, eta bereziki gaztetxoentzat, eredu direlako.

Kirolariez ari naizela, aipamen berezia egin nahi diet Zubietan errebotean ari direnei. Hauentzat ez dago gorazarre sonaturik, ez oihartzun mediatikorik. Hala ere, urtez urteko lan isilean arituta, Hegoaldeko errebote txapelketa irabazi zuten irailaren 30ean, Donibane Lohitzuneko taldearen aurka. Ez da meritu makala. Zorionak txapeldunei, eta, bereziki, esker ona errebotearen alde lanean ari zareten guztioi. Ea bizirautetik errebotea indarberritzera pasatzen garen.

Herria, kirola eta kirolari konprometituak, horra hor bereizi ezinezko hiru alderdi.