Eduki publikatzailea
Atzealdea

Aginagako saneamenduari ekingo zaio aurten bertan

“Urte luzeotako borroka izan da, baina lortu dugu”. Hitzokin azaldu du Jone Urdanpilleta Zerbitzuetako zinegotziak Aginagako saneamenduari dagokion afera. Haren hitzetan, 2010etik Añarberen mahai-gainean izan den proiektua da, baina 2019ko aurrekontuen negoziazioetan lortu dute proiektuari lehentasunez heltzea. Aurten bertan lizitatuko dituzte obrak, eta 2020ean hasi. Hiru fasetan gauzatzea aurreikusten da.

2019·02·11


“Usurbilgo udal-gobernuak, beste udal-ordezkari batzuekin batera, egindako lan eta presioaren ondorioz lortu da 2019an Aginagako saneamenduari ekitea”. Halaxe azpimarratu du Jone Urdanpilleta Zerbitzuetako zinegotziak. Añarbek 2018ko urriko Batzar Nagusian aurkeztutako aurrekontu-proiektua atzera bota zuen EHBilduk, “urteetan mahai gainean izan diren hainbat proiekturi heltzeko konpromisorik” ez zutelako ikusi, hala nola Pasaiako Portuko eta Aginagako saneamenduak. “Bi proiektu horiek 2010eko inbertsio-planetan aurreikusita bazeuden ere, urteotan ez dute urratsik egin proiektuok garatzeko. 2019an beste horrenbeste gerta zitekeela ikusi genuen, ez baitzegoen adina diru-partidarik aurreikusita”, azaldu du Jone Urdanpilletak. Datu batzuk eman ditu, “konpromiso faltaren” erakusgarri: 2019rako 25.000€, 2020rako 175.000€ eta 2021erako beste 175.000€. “Ez zen nahikoa. Gabezia historiko horri erantzun ezean, ez zutela EHBildurik babesik izango argi adierazi genien”, dio Urdanpilletak. Izan ere, Añarbek, aurrekontuak onartzeko, derrigor behar du EHBilduren babesa.

Hala, aurrekontuak adosteko elkarrizketak hasi zituzten, eta negoziazio horiek emaitza “onak” ekarri ditu gure herrira. Hala, Añarbek azaroko Ez Ohiko Batzarrean aurkeztu zituen bigarrenekoz aurrekontuak, eta bestelako kopuru batzuk jaso zituzten:

  • 2019an: 25.000€

  • 2020an: 400.000€

  • 2021ean: 700.000€

  • 2022ean: 305.000€

Añarbek inbertsio honen % 40a finantzatuko du, eta, gainerako guztia URAk (Uraren Euskal Agentziak). Hain justu, hitzarmen orokorrago baten barruan aurkeztu dituzte Aginagako saneamenduko lanak Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Guztira, bi erakundeok 61 milioi euro bideratuko dituzte Gipuzkoako saneamendua hobetzeko, 2027ra arteko epean. Akordioak lanen hierarkizazio bat biltzen du, eta denboran bi epealdi zehaztu: 2019tik 2021era artekoa lehenengoa, eta 2021etik 2027ra artekoa bigarrena. Lehen fase horretan Pasaiako saneamendua eta Aginagako saneamendua (Igo eta II. faseak) aurreikusi dituzte, besteak beste. Aginagako saneamenduak III. fase bat ere eskatzen du, eta lan horiek 2021-2027 aldirako aurreikusi dituzte.

 

Jone Urdanpilletaren esanetan, beraz, Aginagako saneamenduko lehen bi faseak 2019an lizitatu beharko dituzte, 2020ean obrak hasi eta 2022rako bukatu. “III. faserako bermeak ere jasota badaude, espero etorkizunean heltzea, izan ere, ingurumenari zor zaion ezinbesteko lehentasuna baita Aginagako saneamendua Oria ibaitik ateratzea”.