Eduki publikatzailea

Atzealdea

Aginagako jubilatuen egoitzako taberna kudeatzeko esleipena abiatu du Udalak

Aginagako Arrate jubilatuen elkarteko taberna kudeatzeko esleipena jarri du martxan Udalak. Gaur bertan argitaratu ditu Udalaren webgunean esleipena arautzen duten pleguak, eta bihartik aurrera, 15 eguneko epea dute interesatuek proiektua aurkezteko. Uztailaren 26an bukatzen da epea. Kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, eta beste hiru urtez luzatzeko aukera izango da. Gutxieneko kanona, hilekoa, 25 eurokoa izango da.

2018·07·11


Aginagako Arrate jubilatuen egoitzako taberna kudeatzeko esleipena abiarazi du Udalak. Gaur bertan kaleratu ditu tabernaren eta bertan dauden elementu eta instalazioen kudeaketarako zerbitzu kontratuaren esleipena eta exekuzioa arautzen dituen pleguak. Usurbilgo Udaleko webgunean daude ikusgai, kontratatzailearen profilean. Bihartik aurrera, 15 eguneko epea dago proiektuak aurkezteko, bai udaletxeko erregistroan edota postaz bidalita. Hortaz, uztailaren 16aren aurretik aurkeztu beharko dira.

Pleguotan zehazten denez, taberna kudeatzeaz gainera, honako zerbitzu hauek ere bermatu beharko ditu esleipendunak: taberna-jantokiaren mantenua, ustiapena eta garbiketa; komunen garbiketa (nahiz eta erabilera publikokoak izan); eta, tabernatik beheko irteerara doazen eskaileren eta beheko sarreraren garbiketa. Halaber, esleipendunaren betebeharra izango da zahar egoitzako gelen atezaintza-lanak egitea.

Zerbitzua herritar guztientzat zabalik egongo da, Arrate jubilatuen elkarteko bazkide izan ala ez izan. Halere, pleguotan zehazten denez, zerbitzuko erabiltzaile gehienak erretiratu eta pentsiodunak direnez, esleipendunak errespetuzko tratuan oinarritutako hartu-emanak izango ditu haiekin, eta, gainera, Udalak onarturiko prezioak aplikatu beharko dizkie.

Udalak taberna erabat horniturik utziko du. Kontratuari atxikiko zaio, eranskin moduan, Udalak kontratistaren esku uzten dituen gauzen inbentarioa. Edonola ere, instalazioen eta ekipamenduen mantenua bermatzeko egin beharreko gastuak berak egin beharko ditu, legez jabearen ardurakoak direnak izan ezik (zehaztapenak plegu administratiboetan jasota datoz).

Kontratuaren iraupena eta kanona

Kontratuaren iraupena urtebekoa izango da, hitzarmena izenpetzen den egunetik kontatzen hasita. Hala ere, kontratuaren indarraldia urtez urte luzatu ahal izango da, beste 3 urtez, 4 urte bete arte.

Prezioei dagokionez, gutxieneko kanona hileko 25 eurokoa izango da (+ %21eko BEZ-a 5,25, guztira 30,25 euro). Lizitatzaileek kopuru hori igo dezakete euren eskaintzetan. Edozein kasuan, ez da kanonaren berrikuspenik egingo kontratuaren iraupen osoan zehar.

Bestelako eskakizunak

Pleguetan, besteak beste, bi baldintza ezartzen dira. Alde batetik, esleipendunak hizkuntza gaitasuna bermatu beharko du: eman beharreko zerbitzuen izaera kontuan izanik, Europako Erreferentzia Markoaren B2 gaitasun maila (ahozko partea) egiaztatu beharko dute jardueran parte hartuko duten langileek. Beste alde batetik, elikagaien manipulatzaile titulua izan behar dute, legearen arabera horretara behartuta daudenek.