Eduki publikatzailea

Atzealdea

Agerreazpiko udal baratzak ustiatzeko, izena emateko epea zabaldu du udalak

Agerreazpin dauden udal baratzak zozketatzeko prozesua martxan jarri du Usurbilgo Udalak. 30 metro koadroko 36 partzela eta 60 metro koadroko 24 partzela esleituko ditu. Otsailaren 13 arteko epea dago izena emateko, eta zozketa bidez erabakiko da. Udal baratza bat tokatuz gero, gehienez ere bost urtez erabiltzeko aukera izango da. Prozesuan parte hartzeko, eskaera orriak udaletxean aurkeztu behar dira.

2018·01·24


2012ko maiatzean eratu eta martxan jarri zuen Usurbilgo Udalak Agerreazpiko Baratze Parkea. Hango udal baratza guztiak herritarren artean esleitu ziren, eta emakidak bost urterako izenpetu ziren. Dagoeneko iraungita daude, eta, horrenbestez, udalak martxan jarri du udal baratza horiek esleitzeko prozesua. Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta otsailaren 13an bukatuko da.

Guztira, 60 baratza esleituko dira: 30 metro koadroko 36 partzela eta 60 metro koadroko 24 partzela. Baldintza-pleguetan xedatutakoaren arabera, baratzek erabilera pribatua izango dute, baina jabetza-eskubidea kasu guztietan salbu gelditzen da, herri-jabetzako ondasunak direlako. Erabilera kanona urtero ordenantza fiskaletan jasotakoa izango da. Hala, 30 metro koadroko partzela ustiatzeagatik, 44,5 euro ordaindu beharko dira urtean, eta 60 metro koadrokoa erabiltzeagatik, aldiz, 89 euro. Aprobetxamenduak gehienez ere bost urtez luzatu ahal izango dira, behin betiko adjudikazioaren hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Partzelen emakida, zozketa sistemaren bitartez egingo da, hurrengo prozedura jarraikiz:

a) Prozesuan parte hartzeko, ezinbestean eskaera Usurbilgo Udalean aurkeztu beharko da. Honako agiri hauek bete beharko dira: 2. eranskina (eskaera orria) eta 3.eranskina (Agerreazpiko konpostatze komunitario arduradunaren adierazpena)

b) Eskaeren artean lehentasun taldea osatuko dute langabetuak, jubilatuak, pentsiodunak, gazteak (gehienez ere 25 urte), familia ugariak, emakumeak eta udal baratzetako konpostatze komunitarioko arduradunak. Lehen zozketa, lehentasun talde batean dagoenen artean izango da. Ondoren, partzelarik esleitzeko balego, gainontzeko eskatzaileen arteko zozketa izango da.

c) Zozketa egindakoan, esleipendunak lehendik udal baratzeen erabiltzaileak badira, aurretik lantzen duen udal baratza esleituko zaio, azalera bereko baratza eskatzen badu.

Behin udal baratz hauek esleituta, gainontzeko esleipendun berrien kasuan, hurrengo prozedura jarraituko da. 60 m²ko eskatzaileak 1 partzelatik hasi eta gorantz libre dauden 24. partzelara arte esleituko da. 30 m²ko eskatzaileak 25 partzelatik hasi eta gorantz libre dauden 60. partzelara arteraino esleituko dira. Behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan eta horiek egiaztatu eta gero, Udalak jende aurrean jarriko ditu ediktu taulan onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda, eta hala badagokio, baztertzeko arrazoiak adieraziko ditu. Informaziorako, zerrenda hori udalaren web orrian argitaratuko du Udalak.

Interesdunek 10 eguneko epea izango dute, udaletxeko ediktu taulan zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, egindako behin-behineko zerrendari bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkezteko. Alegazioak egiteko epea igaro eta erantzun ostean, udalak ediktu taulan jarriko du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda. Zerrenda hori Udalaren web orrian argitaratuko du udalak.

Ikastaroak eta elkartea

Erabiltzaile berriak, partzela eskuratu baino lehen, udalak eta Ekoguneak antolatutako nekazaritza ekologikoari buruzko ikastaroa egitera behartuta egongo dira, partzelak era egokian ustiatuko direla bermatzeko. Ikastaroa egin ezean, partzelaren adjudikazioa galdu eta itxarote zerrendan lehenengo dagoenak ordezkatuko du.

Bestetik, behin betiko adjudikaziodunak Agerrazpiko udal baratzeen elkartearen parte izan beharko dute. Elkartean parte-hartzeari uko eginez gero, edo elkarteko betebeharrak egin ezean, partzela erabiltzeko eskubidea galtzea dakar.