Eduki publikatzailea
Atzealdea

Abian dira udalerri euskaldunetako gazteen topaketak

Usurbildik abiatu da gaur goizean Salto udalerri euskaldunetako gazteen topaketa ibiltaria. 60 gazte inguru ari dira parte hartzen, eta helburu nagusia gazteak euskararen inguruan kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da. Agurtzane Solaberrieta alkatea haiekin izan da, Usurbil utzi aurretik. Alkatearen esanetan, gazteen konpromisorik gabe, nekez egin dezake aurrera euskarak. "Horregatik, ezinbestekoak ditugu UEMAk antolatu ohi dituen gazteen arteko topaketa hauen gisako ekimenak, erabileraren inertziatik kontzientziarako saltoa emateko, izan ere, hizkuntzari eusteko, ezagutza eta erabilera ez ezik, beharrezkoa dugu hiztun komunitate kontzientziatua eta aktiboa"

2019·06·26


Usurbilen elkartu dira lau egunez UEMAk antolatutako topaketetan parte hartuko duten 60 gazteak, begiraleekin eta UEMAko hezkuntza arduradunekin. Harria hitz ibilbide gidatua egin dute Usurbilen, euskal kulturaren eta hizkuntzaren garrantziaz hausnartzeko. Horrelako bisita eta ekimenekin gazteen ahalduntzean eta kontzientziazioan eragin nahi da, horrek gero hizkuntza ohituretan ere eragina izango duelakoan. Usurbilgo plazan, gazteekin batera izan da bertako alkate Agurtzane Solaberrieta ere. Indarrak berritu eta apur bat freskatu ondoren, Oiartzunerako bidea hartu dute gazteek.

Oiartzunen, boluntario lanetan aritu diren hainbat gaztek egingo diete harrera. Izan ere, bertako Euskara Zerbitzuak herriko gazteen artean berariaz landu du harrera nola egin gazte topaketetako partaideei. Horretarako bilera egin dute egunotan Oiartzungo Udalak eta UEMAk herriko gazteekin (irudian). Zehazki, Haurtzaro Ikastola eta Elizalde Herri Eskolako euskara taldeetako (Eskuttun eta Tirikitauki hurrenez hurren) ikasleekin batera antolatu du Oiartzungo Udalak harrera.

Udalekuen izaera eta nondik norakoa

Azken urteotan, UEMAren ildo estrategikoetako bat da udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalduntzea, euskararen arnasguneen garrantziaz ohar daitezen, hizkunta ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko. Ildo horren baitan, arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abiarazi zuen UEMAk duela hiru urte, soziolinguistika edukiak modu integralean eskoletan txertatu nahian, gazteak kontzientziatzeko eta ahalduntzeko

Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, gazte topaketak eta udalekuak ere antolatu ditu azken urteotan UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren laguntzarekin. Aurten, ekainaren 26tik 30era izango da ekimena. Udalerri euskaldunetako 60 gazte inguruk eman dute izena, ea asteazkenetik aurrera, Usurbildik Arantzarako bidea egingo dute, UEMAren hezkuntza arduradunarekin eta arduradun izango dituzten beste bost begiralerekin batera.

UEMAko hezkuntza arduradun Jokin Urangaren hitzetan, “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin”.

Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, hainbat udalek ere berariaz lagundu dute ekimen hau, herriko elkarteen eta eskolen artean ekimenari buruzko informazioa zabalduz. Usurbilgo, Oiartzungo, Berako eta Arantzako udalek, berriz, herriaren baliabideak ere jarri dituzte topaketak eduki eta azpiegitura aldetik laguntzeko.

EGITARAUA

· Ekainak 26, asteazkena: Usurbil-Oiartzun. Harria Hitz ibilbidea, Usurbilen. Oiartzunen, zirkoa, igerilekua eta kantu afaria.
· Ekainak 27, osteguna: Oiartzun-Bera. Beran, bertso bazkaria, triki-martxa eta Izaki Gardenak taldearen kontzertua (Berako plazan, 20:30ean).
· Ekainak 28, ostirala: Bera-Arantza.
· Ekainak 29, larunbata: Arantza. Ur jolasak, gaubela, herri kirolak, eta arnasguneen tailerrak.
· Ekainak 30, igandea: Arantza.