Albisteak

Atzealdea

Abenduaren 12an bilera deitu du udalak Aginagan, herriaren antolamenduaz hausnartuko duen lantaldea osatzeko

Udal aurrekontuak aurkezteko Aginagan egindako bileran, Xabier Arregi alkateak proposatuta, komenigarria ikusi zen Aginagaren herri-antolamenduaz hausnartzeko lantalde bat osatzea. Ideia horri forma eman nahi dio orain udalak, eta, horretarako, abenduaren 12rako bilera ireki bat deitu du Aginagan: 18:00etan, ludotekan. Aginagaren etorkizuna guztien artean, eta elkarlanean, lantzeko bokazioz sortu nahi da lantalde hori.

2017·12·05


Usurbilgo Udalak abenduaren 12rako, asteartez, bilera ireki baterako deia egin du Aginagan. Udal gobenruak 2018ko aurrekontuak aurkezteko Aginagan egindako bileran parte hartu zutenek, bai udalak bai aginagarrek, komenigarria ikusi zuten Aginagaren herri-antolamenduaz aritzeko lantalde finko bat osatzea. Hain justu, Usurbilgo Udala orain ari da Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) idazten. Dokumentu horrek jasoko du datozen 10-15 urterako dugun herri-ikuskera, besteak beste, nola antolatuko dugun espazio publikoa, zer erabilera emango diogun, nola mugituko garen batetik bestera, zer arau errespetatu beharko ditugun... Eta orain da une egokia, Udalaren iritziz, Aginagarako dauden asmo eta proposamenak biltzeko, dokumentu horretan txertatu ahal izateko. Eskutik eskura, eta elkarlanean.

Lantalde hori, edozein modutan ere, ez du hutsetik abiatuko bere ekinbidea. Izan ere, iazko legealdian HAPOa osatzeko parte hartze prozesu bat egin zen, eta, horren ondotik egin da aurten mugikortasun-plana osatzeko beste parte hartze prozesu bat ere. Horiek kontuan hartuta abiatuko da lantalde hori, guztien artean etorkizuneko Aginaga nola antolatu behar den adosteko.

Bokazio horrekin sortu nahi du lantaldea udal gobernuak, eta horretarako konpromisoa hartzen du. Lantaldean honako hauek hartuko lukete parte: aginagarren ordezkariek, Jone Miner udal-arkitektoak eta Xabier Arregi alkateak.

Hain zuzen, abenduaren 12ko bileran, lantalde horri forma eman nahi zaio, eta honako gai hauek landuko dira: lantaldearen helburua zehaztu, lan-metodologia eta lan-kronograma adostu, eta lantaldeko kideak erabaki.

"Ez dugu dudarik, elkarrekin lan eginez eta ados jarriz, lan handia eta emankorra egin dezakegula. Udal-gobernu honek garrantzi handia ematen dio lanketa honi. Bidea eginez egiten baita, eta elkarrekin, askoz hobe. Udala eta herritarrak elkar hartuta", azpimarratu du Xabier Arregi alkateak.

Bilera, beraz, abenduaren 12an izango da, 18:00etan, ludotekan.