Albisteak
Atzealdea

80.000 euroko dirulaguntza jaso du udalak Murkaikuko bidegorria egiteko

Eraikuntzetatik birziklatutako materialak erabiliko ditu Orsa enpresak bidegorria egiteko, eta horixe izan da laguntza lortzearen arrazoi nagusia.

2020·02·06


Eusko Jaurlaritzak 80.000 euroko dirulaguntza eman dio Usurbilgo Udalari Pikaola eta Murkaiku arteko bidegorria egiteko. Excavaciones y Transportes Orsa enpresak irabazi zuen bidegorria egiteko lehiaketa: lanak hasita daude dagoeneko, eta bi hilabete iraungo dute, aurreikusi dutenez. Hasieran, 142.500 euroko kostua zuten lanek, baina 80.000 euroko laguntzarekin, erdia baino pixka bat  gehiago aurreztuko du udalak. Oinezkoentzako eta bizikletentzako 2,5 metroko bidegorria egingo du Orsak, euri-urak jasotzeko arekarekin. Batik bat, bidegorria egiteko erabiliko den materialagatik lortu dute laguntza hain handia izatea: izan ere, ekonomia zirkularra oinarri hartuta, eraikuntzetatik birziklatutako materialak erabiliko ditu Orsak lan horretarako.