Albisteak
Atzealdea

2020ko aurrekontuak, Boliviako estatu kolpearen aurkako adierazpen proposamena, Zubietako hitzarmena eta diru-laguntzen plan estrategikoa, azaroko osoko bilkuran

Gai asko eta askotarikoak pasatu zituzten atzo osoko bilkuratik, legealdi berriko plenorik luzeenean, baita hainbat instituzio adierazpen proposamen ere.

2019·11·29


Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen atzoko osoko bilkurak: izan ere, gai asko eta askotarikoak ziren lantzekoak. Horien artean, garrantzi handikoak batzuk: besteak beste, 2020ko udal aurrekontuak onartu zituzten, Boliviako estatu kolpearen aurkako eta erraustegiaren aurkako “urgentziazko mozioa” bozkatu zituzten, Zubietan ematen diren zerbitzuak hobetzeko Usurbilgo eta Donostiako udalek eta Zubietako Herri Batzarrak sinatutako hitzarmenaz jardun zuten eta diru-laguntzen plan estrategikoa onartu zuten. Horrez gain, hainbat adierazpen instituzional ere bozkatu zituzten.

Usurbilgo zein Donostiako udalek Zubietan ematen dituzten zerbitzuen antolaketa hobeago bati begira, aurreko legealdian bi udalen eta Zubietako Herri Batzarraren arteko hitzarmena sinatu zuten. Urriaren 21ean hasi ziren antolaketa berriarekin, eta hitzarmen horretan jasota dago jarraipena egiteko batzorde bat eratzea hiru erakundeetako ordezkariekin. Udalaren partetik Lur Etxeberria zinegotzia eta Itziar Basterrika zinegotziak izendatu zituzten atzoko plenoan. Batzorde hori urtarrilean hasiko da martxan. Zerbitzuen antolaketa berriari dagokionez, hilabete pasatxoko balorazioa “nahiko ona” dela esan zuen Etxeberriak, “txukun” ari direla.

Diru-laguntzei dagokienez, 2020-2022 aldirako plan estrategikoa onartu zuten, hasieraz, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin, eta PSEren abstentzioarekin. Solaberrietak azaldu zuenez, aurrekoekin alderatuz, departamentu buru bakoitzak aldaketa batzuk proposatu dituzte, hobetzearren. “Udalak zer nolako esfortzu ekonomikoa egiten duen nabarmenduko nuke, burutu asmo diren ekimen guztiak laguntzen. 875.000 euro inguru bideratuko dira: kopuru esanguratsua herri dinamikoa daukagu, eta horrela jarrai dezan nahi dugu”.

Usurbilgo Udala berrantolaketa prozesu batean barneratu da, artxibo sistema berria ezarri ahal izateko, baina, horretarako, beharrezkoa da artxibo zaharra txukuntzea. Orain arte artxibo bezala erabili den ganbaran eta bulegoetan zer dagoen jakin behar da: balioa duten dokumentuak artxibatu egingo dira, baina beste asko suntsitu egingo dira. Suntsiketa hori, dena den, ezin da edozein modutara egin, Solaberrietak azaldu zuenez: arautegi bat dago, prozedura bat, eta plenoak erabaki behar du baimena ematen duen horiek suntsitzeko edo ez. Gizarte zerbitzuetan ari dira, orain, azterketa egiten, eta suntsi daitezkeen dokumentuak identifikatu dituzte: hemendik aurrera, halakoak askotan iritsiko dira plenora, alkatearen esanetan, sail bakoitzaren azterketa egitean.

Udaltzaingoarekin lotutako pare bat puntu ere landu zituzten osoko bilkuran. Batetik, Eusko Legebiltzarrak onartutako euskal poliziaren lege berriak udaltzaingoaren erregelamenduan aldaketak egitea eskatzen du. Orain arte, udaltzainburu bat eta udaltzainak izan dira Usurbilen: hemendik aurrera, horiez gain, figura berri bat sartuko da: lehen agentea. Bestetik, orain arte udaltzainek erabili izan duten komunikazio sistema zaharkitua dago, eta berritu beharra dago. Aurrekontuetan partida bat gorde dute Tetra komunikazio sistema eskuratzeko, baina hori erabili ahal izateko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko akordioa sinatzea beharrezkoa da.

San Marko mankomunitatean Usurbilgo Udalak duen ordezkaritza aldatzea onartu zuten. Orain arte, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatea eta Joxe Mari Iribar zinegotzia ziren: hemendik aurrera, Lur Etxeberriak eta Iribar izango dira. Izan ere, Etxeberria da udalaren ordezkaria Garbitanian, eta baloratu dute hondakinekin zerikusia duten erakunde guztietan pertsona berbera egotea dela onena. Horrez gain, Añarbeko Uren Mankomunitatearen eta Usurbilgo Udalaren artean hitzarmena sinatzea onartu zuten Aginagako saneamendu obren goi- eta behe-sistema zehazteko.

Udaleko langileei buruzko pare bat aldaketa ere onartu zituzten, baita zakur batek egindako eraso eta lesioengatik irekitako zigor espedientea ere; azken hori izan zen aho batez onartu zen plenoko puntu bakarra.

Osoko bilkuraren azken zatian, hainbat adierazpen instituzional proposamen bozkatu zituzten, guztiak, EH Bilduk proposatuak. Bitan izan ziren desadostasunak. Batetik, Boliviako estatu kolpearen aurkako mozio proposamenean eztabaida sortu zen: EAJk 2016an eta 2019an Bolivian egindako hauteskundeak jarri zituen adibide gisa aurka bozkatzeko. Azaroaren 11n “karguari uko egin eta Mexikora alde egin” zuela nabarmendu zuten, eta Solaberrietak “kezkagarritzat” jo zuen Evo Morales presidentea eta haren familia hil ala biziko egoeran daudela: “Militarrak Bolivian, AEBen laguntzarekin, egiten ari diren basakeria ez aipatzea zuritzea da”. EH Bilduk eta PSEk babestu zuten adierazpena, eta kontra bozkatu zuen EAJk. Bestetik, erraustegiaren probaldi fasea martxan jartzeak eragindako ke zutabeen ondorioz, urgentziazko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, eta aurrera atera zen, EAJk eta PSEk aurka bozkatu arren.

Aho batez onartu zituzten, haatik, beste bi. Batetik, Azaroaren 25aren harira proposatutakoa lehendik onartu zuten antolaketa batzordean aho batez. Bestetik, Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren harira proposatutako adierazpen instituzionala.