Eduki publikatzailea
Atzealdea

2019ko aurrekontuak hasieraz onartu ditu osoko bilkurak, gehiengo osoz

Usurbilgo Udalak gehiengo osoz onartu ditu atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran datorren urterako aurrekontuak. EAJk aurka bozkatu zuen, eta PSE-ko zinegotziak ez zuen plenoan parte hartu. EHBilduko udal-gobernuak harrigarritzat jo zuen EAJren jarrera, “aurrekontu-proiektuari egindako ekarpenak jada jasota zeudelako aldez aurretik”. Haatik, EAJren irudiko, aurrekontuetan ez da partida zehatzik jaso. Orain jendaurrean jarriko dituzte, alegazioak aurkezteko.

2018·12·21


Atzo arratsaldean Usurbilgo Udalak egindako osoko bilkuran datorren urterako udal-aurrekontuak onartu zituzten hasieraz, gehiengo osoz. Orain, hamabost egunez, jendaurrean izango dira, alegazioak aurkeztu ahal izateko.

2019an Usurbilgo Udalak 12 milioi euro pasatxoko aurrekontua izango du, iaz baino 700.000 euro gehiago. Alaitz Aizpuruak aurrekontuak osatzeko aurrez egindako parte-hartze prozesua ekarri zuen gogora eta, horrenbestez, herritarren eta udal-langileen ekarpenak bildu dituztela nabarmendu zuen. Gainera, haren esanetan, inbertsioen atalean, legealdi honetan herritarrekin batera egin diren parte hartzeko prozesuetan landu diren egitasmoek izango dutela lehentasuna. Guztira, 1.830.000 € bideratuko dira inbertsioetarako. “Zuhurtziaz landu ditugu, eta, ororen gainetik, herritarrak jarri ditugu erdigunean. Gainera, Usurbilek behar dituen inbertsioak mahai-gaineratu ditugu”.

EHBilduren azalpenak, ordea, ez zituen balekotzat jo EAJk, eta aurka bozkatu zuen. PSEko zinegotziak ezin izan zuen plenoan parte hartu. EHBilduko udal-gobernuko kideek “harrigarritzat” jo zuten EAJren jarrera, haien esanetan, “euren proposamenak aldez aurretik jasota zeudelako”. Alaitz Aizpurua Ogasuneko zinegotziak banan bana eta xehe-xehe aletu zituen proposamen bakoitzari emandako erantzuna.

Hala, herriko sarrera berrantolatzeari dagokionez, udal-gobernutik adierazi zien bat datozela proiektu horrekin. “Aspaldi jarri genuen mahai-gainean eta denbora daramatzagu Diputazioko Bide Azpiegiturak Sailarekin harremanetan biribilgune honen gainean. Proiektu ezberdinak ere jarri izan dizkiegu mahai-gainean, eta begi onez ikusten dute. Kontua da N-634 errepidearen eskumena Diputazioarena dela, eta, gaur-gaurkoz ez dugu konpromiso argirik lortu proiektu hori gauzatzeko”, azaldu zuen Xabier Arregi alkateak. Andoni Atxega EAJko zinegotziak, ordea, “dagokion ardurari ihes” egitea leporatu zion EHBilduri, “errepidearen eskumena Diputazioarena dela aitzakia hartuta”. Zentzu horretan, Alaitz Aizpuruak gogorarazi zion alderdikideak dituztela Diputazioan eta hobe luketela han presio egitea: “Udala ez da oztopo izango. Areago. Diputazioaren aldetik konpromisoren bat ikusiko bagenuke, dagokigun guztia egingo dugu”.

Bestetik, kirol-instalazioak hobetzeko “partida eskasak” daudela esan zuen Andoni Atxegak, eta kirol-instalazio estali bat egiteko “konpromisoa” eskatu zuen. “Epeekin”. Baieztapen horren aurrean ere harridura azaldu zuen EHBilduk: “2018ko aurrekontuetan 770.000 euroko inbertsioa egiten ari gara igerileku txikia irisgarri egin eta handitzeko, eta 2019rako aurreikusi ditugun gastuak ere ez dira makalak. Esaterako, futbol-zelaiko zorua berritzeko, ia 60.000 euro bideratuko ditugu. Progresiboki ari gara kirol-azpiegiturak berritzen, eta inbertsioak modu orekatuan egin behar ditugu”, azpimarratu zuen Xabier Arregik. Alaitz Aizpuruak, bere aldetik, gogorarazi zuen herriko kirol-taldeekin etengabeko harremana eta elkarlana dutela, eta, horren ondorioz, gaur egungo kirol-instalakuntzen erabilera ondo antolatuta eta koordinatuta dagoela.

3. eskaera haur-eskolara doan bidea hobetzeko dagokiona da, eta Alaitz Aizpuruak gogorarazi zien jada inbertsio hori jasota dagoela aurrekontu-proiektuan: 250.000 euro jaso dira. Gainera, haren esanetan, ez da Kalezarren egingo den inbertsio bakarra: “Ia 700.000 euro inbertituko dira, guztira”.

Azkenik, ikastetxe publikoaren gaia ere izan zuten ahotan alderdiek. EAJk esan zuen Eusko Jaurlaritzak Udalari eskatu diola ikastetxe publikorako lur eremu bat gordetzeko. Udal-gobernuak erantzun zion gai hori udal-aurrekontuen eztabaidatik baztertu behar dela, beste foro bati dagokiola hortaz hitz egitea. “Herriko hezkuntza-eredua kalitatezkoa eta integratzailea izan dadin lanean ari gara, eta eztabaida honek beste foro bat eskatzen du, hezkuntza komunitatearekin batera egin beharrekoa”, esan zien alkateak.

Eztabaidaren ostean, EAJ berean jarraitu zuen, eta iragarri bezala, aurka bozkatu zuen.

Inbertsioak: 1.830.000 €
Inbertsioen atalean lehentasuna izango dute, batik bat, legealdi honetan herritarrekin egindako parte hartzeko prozesuetan proposatu diren ekimenek. Hala, Usurbil 0.0 hondakinak kudeatzeko plangintzan, mugikortasun-planean edota Oria ibaiaren ingurua biziperritzeko planean aurreikusten diren hainbat ekimen gauzatuko dira. Hona hemen adibide batzuk:

. Aginagarako egitasmoak: Bi proiektu gauzatuko dira 2019an, biak ala biak Kale Irekiak prozesuan eskatutakoak. Batetik, Elutxetik herrigunera joateko bidea egiteko diru-partida aurreikusi da (30.000 euro), eta, bestetik, Aginagako erriberan, Eizazpi eta Origain arteko bidea txukunduko da (65.000 euro).

. Pikaola eta Saizar arteko espaloia: Harane futbol-zelaira igotzeko, herriko gaztetxo askok erabiltzen duten errepidea da, eta ez da batere segurua. Kale Irekiak prozesuan eskatu zen oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Horretarako, 162.000 euro bideratuko dira.

. Ugartondoko urbanizazioa: Ia 500.00 euro bideratuko dira, eta, besteak beste, Ugarte baserri aurreko bidea, Haur Eskolara doana, konponduko da, herritarrek eskatu bezala.

. Santuenerako egitasmoak: Auzoko beheko errepidean oinezkoentzat zati bat nola egin aztertzeko proiektua egingo da, batetik, eta, bestetik, Oria ibaiarekin harremana bermatzeko, Errioa Bizi planean jaso bezala, lurrak erosi eta bide bat egingo da auzoa eta ibaia lotzeko.

. Ibaiertza txukuntzea: Errioa Bizi! ekintza-planean jaso bezala, Zumartegiko ibaiertza txukundu egingo da: 110.000 euro.

. Kalezar: Auzotarrek eskatu bezala, datorren urteko aurrekontuetatik 100.000 euro bideratuko dira Pelaioenea etxeko egitura eta teilatua birgaitzeko.

. Ur sarean eta sisteman hobekuntzak: 265.000 euro. Hiru egitasmo gauzatuko dira diru-partida horrekin. Batetik, Erroizpeko presan filtrazio-sistema ezarriko da, presako ura ere erabili ahal izateko; bigarrenik, Aginagan, ur-sareko zati bat berrituko da; eta, hirugarrenik, ur-kontagailuak berrituko dira.

. Usurbil 0.0 plangintza: Herri-konposta martxan jartzeko, 39.000  euro bideratuko dira, besteak beste.

. Oiardoko kanpoko futbol-zelaia: Egoera txarrean dago belar artifiziala eta berritu egingo da: 58.000 euro.