Eduki publikatzailea

Atzealdea

2018rako diru-laguntzak onartu ditu Udalak, behin-behinean

Kultura, kirola, ingurumena, nekazaritza eta gizartegintzako ze egitasmo edota ze talde diruz lagunduko duen eta zenbat diru emago dien erabaki du Udalak, Diru-laguntzen Batzordean. Oraingoz, erabakia behin-behinekoa da, izan ere, ebazpena Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratu eta interesatuek 10 eguneko epea dute alegazioak aurkezteko. Edonola ere, ia 180.000 euro banatu asmo du Udalak.

2018·05·10


Aste honetan bildu da Diru-laguntzen Batzordea, eta kultura, kirola, ingurumena, nekazaritza eta gizartegintzako alorretarako diru-laguntzak eskuratzeko aurkeztu dituzten proiektuak aztertu dituzte. Hala, proposamen guztiak irakurrita, ze talde eta egitasmo diruz lagunduko den erabaki du, baina, oraingoz, behin-behinekoa da erabakia, izan ere, batzordearen ebazpena Gipuzkoako Buletin Ofizialean aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, nahi duenak 10 eguneko epea baitu alegazioak aurkezteko. Nolanahi ere, guztira ia 180.000 euro banatzea proposatu du.

Oro har, deialdi guztietan parekidetasunari garrantzia handia eman zaio. “Batetik, eskatzaileak oinarrizko premisa hori barneratzeko, eta, bestetik, diru-laguntzen zuriketan, kontuan hartu beharreko aldagaia izatea nahi dugu. Modu horretan argazki erreala jasoko dugu”, azaldu du Alaitz Aizpurua Ogasun-zinegotziak.

Honako hauek dira atalez ataleko xehetasunak:

  • KULTURA:

2018an burutu asmo diren kultur egitasmoak diruz laguntzea du xedetzat diru-laguntza honek. Guztira, 18 taldek egin dituzte eskaerak, iaz baino hiru taldek gutxiagok, eta diru-laguntzen deialdira aurkeztutako ekintzak 90 izan dira, hau da, iazko kopuru bera. Edonola ere, 11 baztertu egin dira, eta, honenstez, 79 ekintza lagunduko dira.

Arlo honetarako 80.000 euro zeuden banatzeko, eta 78.759,79 euro bideratzea proposatu du batzordeak. Hala, ikastaroetarako 13.501,04 euro banatuko da, irteeretarako 72 euro, kanpamendu eta udako ekintzetarako 13.80 euro, eta bestelako ekintzetarako 51.206,75 euro. Taldeek gastu bezala aurkeztutako aurrekontua, ordea, askoz handiagoa izan da: 170.690 eurokoa izan da. Onartutako gastua, hainbat ekintza eta kontzeptu kenduta, berriz, 138.830 eurokoa izan da.

“Oreka bermatzen saiatzen gara beti diru-laguntzen ebazpenetan, eta horixe izaten da arrazoi nagusia ekintzaren bat baztertu edota onartutako gastua gutxitzeko. Batez ere, auzoen arteko oreka bermatu nahi da, eta izaera bera duten ekintzetan irizpide berak ezartzen saiatzen gara, hau da, herritarren parte-hartzea eta interakzioa sustatzen duten ekimenei garrantzia ematen saiatzen gara”, adierazi du Alaitz Aizpurua Ogasun-zinegotziak.

Aurten ere ekimen eta proiektu ugari aurkeztu dira, eta, hori nabarmentzekoa eta azpimarratzekoa dela uste du Aizpuruak. “Usurbil herri bizia eta dinamikoa den seinale”. Edonola ere, kopurua handia izanagatik ere, iaztik edo aurreko urteetatik berritasun gutxi suma daiteke. Hain justu, aurtengo deialdian, ekintza berritzaileak izateari garrantzia eman zaio, baina ez egon halakorik. “Ez da gauza bera urteetan egin ez dena edo berritzailea izatea. Agian ez da ondo ulertu”.

Kulturako diru-laguntzen deialdiak hamabi urteko ibilaldia egin du. Ibilbide horretan ikusi da urte hauetan talde eta ekintza kopuruari eutsi egin zaiola. Usurbil herri aberatsa den seinale. “Herri eragileek egiten duten lana Udaletik babestu eta indartzea dagokigu”.

Diru-kopuru hauek jasoko dituzte herriko taldeek:

 

Datorren urtean hobekuntza batzuk txertatu nahi dituzte, Zirrara: diru-laguntza publikoen inpaktua neurtzeko ikerketa-k utzi dituen ondorioei jarraiki. Ikerketa horretan hainbat hobekuntza egitea proposatu zen eta hobekuntza horiei heltzea da 2019ko diru-laguntza deialdiaren erronka. Esaterako, Alaitz Aizpurua zinegotziak azaldu duenez, herrian gero eta sortzaile gehiago ditugu, eta sortzaileen lana diruz laguntzeko bideari heldu nahi dio Udalak.

 

  • KIROLA:

Modu batez edo bestez, 50.000 eurotik gora bideratuko dira kirolera. Herriko kirol-taldeen artean 45.000 euro banatuko ditu Udalak. Modu honetan:

 

TXIMELETA

1.927,83 €

ANDATZA

3.674,66 €

BAXURDE TXIKI

1.967,76 €

BAZPI

1.906,67 €

BETERRI SUB

440,15 €

USURBIL FT

6.316,51 €

USURBIL JC

6.937,67 €

MAKAX

1.073,85 €

PAGAZPE

2.070,74 €

USURBIL KE

16.764,60 €

ZUBIETA PE

1.919,65 €

GUZTIRA

45.000 €

Horretaz gainera, parekidetasuna sustatzen duten hainbat ekimen ere diruz lagunduko dira (2.320 euro), baita kirol egokitua laguntzeko ere (3.000 euro). Bestalde, beste mila euro ere banatuko dira, kirol-elkarte ez direnen kirol-jarduerak laguntzeko.

 

  • GIZARTEGINTZA:

Gizarte-zerbitzuen arloan egitasmoak gauzatzeko diru-laguntzak dira honakoak, eta arlo honetan, 19 talderi emango zaio laguntza. Guztira, 12.000 euro. Talde guztiak Gipuzkoa mailakoak dira, eta guztiak ere Udaleko Gizarte Zerbitzuen Departamenduarekin aritzen dira elkarlanean, modu batez edo bestez.

Bestalde, deserrotze eta baztertze arriskuan daudenentzako diru-laguntzen deialdira herritar bakarra aurkeztu da, eta batzordeak diruz laguntzea erabaki du. Alaba Picassenteko espetxean du (Valentzia), Usurbildik 612 kilometrora, eta bidaiek eragiten dizkioten gastuak arintzeko laguntza ematea erabaki du.

Igogailuak instalatzeko deialdira, aldiz, ez da inor aurkeztu, eta, horrenbestez, hutsik geratu da. Eskaera bakoitzeko, gehienez ere, diru-laguntza mila eurokoa izatea aurreikusten zen.

 

  • INGURUMENA:

Deialdi honetan erakunde pribatu zein publikoek edota norbanakoek 2017an garatutako egitasmoak laguntzen dira. Eskatzaile bakoitzari kostu osoaren % 50 eman ahal zaio, eta, gehienez ere, 2.000 euroko laguntza. Zortzi eskatzaile aurkeztu badira ere, seiri emango zaie laguntza. 5.000 euro zeuden banatzeko, eta 1.803 euro banatuko dira. Alaitz Aizpurua Ogasuneko zinegotziaren ustez, deialdi hau ez da herritarrengana iristen: “Jendeak uste du ingurumenarekin lotutako egitasmo handiak laguntzeko direa soilik. Norbanakoak energia murrizteko egiten ditugun argi edo lehio aldaketak, esaterako, diru-laguntza honetara aurkez daitezke”.

 

  • NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA:

Deialdi honetan erakunde pribatu zein publikoek edota norbanakoek 2017an garatutako egitasmoak laguntzen dira ere, eta eskatzaile bakoitzari kostu osoaren % 50 eman ahal zaio, eta, gehienez ere, 2.00 euroko laguntza. Hamaika eskaera aztertu dira, eta guztiak lagunduko dira. Orotara, 14.180,84 euro banatuko ditu Udalak.