Eduki publikatzailea
Atzealdea

2019rako dirulaguntzak onartu ditu udalak, behin-behinean

Kultura, kirola, ingurumena, nekazaritza eta gizartegintzako ze egitasmo edota ze talde diruz lagunduko duen eta zenbat diru emango dien erabaki du Udalak. Oraingoz, erabakia behin-behinekoa da. Atzo argitaratu zen ebazpena Gipuzkoako Buletin Ofizialean eta interesatuek 10 eguneko epea dute alegazioak aurkezteko, hots, maiatzaren 8ra arteko epea dute. Edonola ere, ia 172.000 euro banatu asmo du Udalak.

2019·04·24


Lehengo astean bildu zen Diru-laguntzen Batzordea, eta kultura, kirola, ingurumena, nekazaritza eta gizartegintzako alorretarako diru-laguntzak eskuratzeko aurkeztu dituzten proiektuak aztertu dituzte. Hala, proposamen guztiak irakurrita, ze talde eta egitasmo diruz lagunduko den erabaki du, baina, oraingoz, behin-behinekoa da erabakia. Atzo bertan argitaratu zen batzordearen ebazpena Gipuzkoako Buletin Ofizialean eta gaurtik zenbatzen hasita, nahi duenak 10 eguneko epea du alegazioak aurkezteko. Nolanahi ere, guztira ia 172.000 euro banatzea proposatu du.

Oro har, deialdi guztietan parekidetasunari garrantzia handia eman zaio. “Batetik, eskatzaileak oinarrizko premisa hori barneratzeko, eta, bestetik, diru-laguntzen zuriketan, kontuan hartu beharreko aldagaia izatea nahi dugu. Modu horretan argazki erreala jasoko dugu”, azaldu du Alaitz Aizpurua Ogasun-zinegotziak.

Informazio osoa udalaren webgunean dago ikusgai, iragarki-taulan. Edonola ere, hona hemen atalez ataleko xehetasunak:

KULTURA:

2019an burutu asmo diren kultur egitasmoak diruz laguntzea du xedetzat deialdi honek. 25 taldek egin dituzte eskaerak, eta 87 ekintza proposatu. 3 ekintza baino ez dira geratu dirulaguntzarik gabe. Arlo honetarako 80.000 € zeuden banatzeko, eta 78.379,59 € bideratuko dira.

KIROLA:

Modu batez edo bestez, 60.000 €-tik gora bideratuko dira kirolera: herriko kirol-taldeen artean 50.000 € banatuko ditu Udalak; kirol elkarte ez direnen kirol jardueretarako 1.000 €; kirol egokitua laguntzeko 1.689,66 €, eta norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol egitasmoak burutzeko 1.610 €.

GIZARTEGINTZA:

Gizarte-zerbitzuen arloan egitasmoak gauzatzeko dirulaguntzak dira honakoak, eta arlo honetan, 11 talderi emango zaie laguntza. Guztira, 12.000 euro. Talde guztiak Gipuzkoa mailakoak dira.

Bestalde, deserrotze eta baztertze arris-kuan daudenentzako dirulaguntzen deialdira herritar bakarra aurkeztu da, eta batzordeak laguntzea erabaki du. Alaba Picassenteko espetxean du (Valentzia), Usurbildik 612 kilometrora, eta bidaiek eragiten dizkioten gastuak arintzeko laguntza ematea erabaki du. Igogailuak instalatzeko deialdira, aldiz, 3 herritar aurkeztu dira, eta, guztira 2.700 € banatuko dira. Eskaera bakoitzeko, gehienez ere, diru-laguntza mila eurokoa izatea aurreikusten zen.

INGURUMENA:

Deialdi honetan erakunde pribatu zein publikoek edota norbanakoek 2018an garatutako egitasmoak laguntzen dira, eta 11 eskatzaile aurkeztu dira. 5.000 € zeuden banatzeko, eta 2.826 € banatuko dira.

NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA:

Deialdi honetan erakunde pribatu zein publikoek edota norbanakoek 2018an garatutako egitasmoak laguntzen dira ere, eta eskatzaile bakoitzari kostu osoaren % 50 eman ahal zaio, eta, gehienez ere, 2.000 euroko laguntza. Hamar eskaera aztertu dira, eta guztiak lagunduko dira. Orotara, 11.491,22 euro banatuko ditu Udalak.