Eduki publikatzailea

Atzealdea

2. Mailakoak ote?

Udalberri aldizkariko 3. zenbakian argitaratutako idatzia

2018·02·08


Bi punturen artean, zein da biderik laburrena? Jakintsuaren erantzuna. Biderik zuzenena. Aitzitik, olerkariaren erantzuna: Biderik ederrena.
Joxan Artzerenak dira hitz horiek, 2009ko Hatsaren Poesia bildumarako idatziak. Horra hor jakintsuaren eta olerkariaren ikusmoldeak, bi punturen arteko labur-luzeaz. Eta, zer dio kudeatzaile publikoak? Zein da arduradun horrentzat biderik laburrena? Erantzuna: Biderik seguruena.

Hala den ez dakit. Hala behar lukeela, bai. Horregatik jo genuen legealdia hasi orduko Gipuzkoako Foru Aldundiko (GFA) eta Eusko Trenbide Sareko (ETS) bulegoetara, esatera Usurbilgo errepidea eta trenbidea oso arriskutsuak direla eta Usurbilen inbertitzeko garaia dela. Ikusi besterik ez dago zenbat puntu beltz ditugun, nolako arriskua hartu behar dugun errepidea edo trenbidea gurutzatzen dugunean, zenbat istripu gertatzen diren. Begien bistakoa da ez dagoela alternatiba segururik oinez edo bizikletaz ibili nahi izanez gero. Hitzez aitortzen zaigu arrazoi dugula. Ekintzez?

Planteamendu integral eta koordinatu baten eskaera jarri genuen mahai gainean. Gunerik larrienak detektatu, eta horien araberako ekintza-plan bat abiatu nahi genuen. Horretarako, errepideen eta trenbideen eskumena Udalarena ez bada ere, Lankidetza-Hitzarmen bat proposatu genuen, erakunde bakoitzaren ardurak eta betekizunak argi gera zitezen.

Luze joan bada ere, lortu dugu ETSk Troiako pasabidearen exekuzio-proiektua enkargatzea eta egitea. Proiektu hori egina dago (aldundiko eta udaleko teknikariekin kontrastatua eta onartua), eta, ez hori bakarrik, ETS prest agertu da 2018an hasita proiektu hori finantzatzeko. Hori bai, baldintza bat jarri du: kostuaren erdia GFAk bere gain hartzea, izan ere, pasabide hori errepidearen eta trenbidearen gainetik doa. Urtarrilaren 19an bilera bat izan dugu ETSko zuzendari Aitor Garitano eta Garraio sailburuorde Antonio Aizekin. Bilera horretan esan zaigu GFAko Bide-Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbideri proiektuaren berri eman zaiola baina diputatuak ezetz erantzun duela, hots, ez duela sosik jarriko proiektu horretan.

Gure segurtasunak, Usurbilek, ez al du merezi inbertsiorik? Proiektu handi-mandietan dirua xahutzea da nonbait lehentasuna, AHTan edo Donostiako metroan, esate baterako. Gu, itxuraz, bigarren mailako herritarrak gara. Hala ere, ez dugu etsiko. Dagoeneko adostu dugu hurrengo bilera Foru Aldundian, otsailaren 14an. Ea zer ematen duen bilera horrek.

Bide segururik gabe, ez dago bide zuzenik ez bide ederrik.