Albisteak

Atzealdea

15 minutuko aparkaleku berriak sortu ditu Usurbilgo Udalak

Aparkaleku plaza horiek erabiltzeko, derrigorrezkoa izango da aparkamendu- diskoa erabiltzea, disko hori autoan jarrita adierazi beharko baita zein ordutan aparkatu den.

2016·11·06


Hurbilago merkatari eta ostalari elkartearekin elkarlanean, gehienez hamabost minutuz aparkatzeko hiru gune berri sortu ditu Usurbilgo Udalak. Kokaleku berriei dagokienez, Kale Nagusian bi gune berri egongo dira, eta Bordatxo pareko errotondan beste bat.

Orain artean, fondo urdinez margotutako 22 plaza zeuden herrigunetik banatuta, baina horietan ordubetez aparkatu zitekeen. Horiez gain, zamalanetarako beste 25 plaza zeuden, fondo urdinez eta marra horiz margotuta. Nahiz eta goizetan zamalanetarako bideratzen diren, arratsaldeetan erosketak egiteko erabili daitezke. 15 minuturako azken hiru gune horiekin, Udalak erraztasun gehiago eman nahi dizkie usurbildarrei herriko establezimenduetara erosotasunez gerturatzeko.

Hiru gune berri horien funtzionamendua beste guneetako berbera izango da. Hau da, herritarrek beren aparkamendu-diskoa eskatu beharko dute Hurbilago-ko edozein establezimendutan. Aparkaleku plaza horiek erabiltzeko, derrigorrezkoa izango da aurrez aipatutako aparkamendu- diskoa erabiltzea, disko hori autoan jarrita adierazi beharko baita zein ordutan aparkatu den.