Albisteak

Atzealdea

118 ekimeneko gobernu plana aurkeztu du Udalak

118 ekimeneko lau urterako Udal programa aurkeztu zuen ostegun arratsaldean Usurbilgo Udal Gobernuak. Xabier Arregi alkatearen iritziz, “baliabide humano, ekonomiko eta materialak aztertu eta egingo duguna zehaztu dugu.” Horrenbestez, Arregiren ustez, gobernu plana Udal jardunaren “oinarria” izango da legegintzaldi honetan.

2016·02·25


118 ekimenak hiru bidetatik jaso dituztela azaldu zuten; alde batetik 2015eko udal hauteskundetarako eramandako programa, beste alde batetik 2016ko aurrekontuetarako herri eragileekin egindako bilerak eta, azkenik, Alaitz Aizpuruak azaldu zuenez, “legegintzaldi honetako lehen zazpi hilabetetan ikusi duguna edota jaso ditugun ekarpenak.”

Herri ikuspegi osoa

Usurbilgo alkateak azpimarratu zuenez, herri ikuspegi osoa jasotzen saiatu dira Gobernu Plan honetan eta helburu horrekin, sei irizpide nagusi ezarri dituzte: auzo guztiak kontuan hartzea, adin guztietarako proposamenak izatea, inklusibitatea, parekidetasuna, jasangarritasuna eta bizikidetzaren baloreak sustatzea.
    
Aizpuruak, bere hitzartzean, Gobernu Plan honek, legegintzaldi honetarako langintza asmoa ez ezik, “etorkizuneko Usurbilen oinarriak jartzeko” helburua ere baduela zehaztu zuen.

Bi oinarri proposatu zituen Arregi alkateak Gobernu Plana betetzeko: elkarlana eta gardentasuna. Gardentasunari dagokionez, Jarraipen batzorde baten sorrera iragarri zuen eta elkarlanerako gonbidapena luzatu zien erakunde publiko, eragile eta usurbildar guztiei.

118 ekimenak sei ataletan bananduta daude:

  • Herria edo espazio publikoari eta natur baliabideen defentsari zuzendutako neurriak.
  • Ongizartea edo Usurbildar guztiak hobeto bizitzeko harturikoak.
  • Nortasuna edo Usurbildarren baloreak sustatzera zuzendurikoak.
  • Usurbildarrak edo adin edo gizarte ezaugarrika Usurbildarrei zuzendutako neurriei dagozkiona.
  • Antolamendua edo Udalaren kudeaketa eredugarria izan dadin emandako pausoak azaltzen dituena.
  • Etorkizuna edo gaurtik hasita etorkizuneko jendarte berria eredu, landu beharreko gai estrategikoak biltzen dituena.