Albisteak

Atzealdea

"Usurbil eta txalapartaren arteko lotura indartzen laguntzen badugu, guretzat ohore bat izango da"

Ostiral honetan irekiko ditu ateak Oreka TX musika taldeak kudeatuko duen 'TxTxTx' egitasmoak. Izen ezezagun horren atzean TXokoaldeko TXalaparta TXokoa dago, Txokoaldeko tren geltoki zaharra biziberrituko duen egitasmo kultural

2017·05·03


TxTxTx ekimena hobeto azaldu asmoz, elkarrizketa egin diogu Oreka TX-eko partaide den Harkaitz Martinez de San Vicenteri. Jarraian daukazu irakurgai:

 

· TxTxTx proiektua aurkeztuko duzue Maiatzaren 5ean jendaurrean. Zeintzuk dira proiektu horren ildo nagusiak?

TXokoaldeko TXalaparta TXokoa zer izango den aurkeztuko dugu jendaurrean, eta aurkezpena nola ez musikaz lagundua izango da. Oreka TX taldearen entsegu ireki bat izango da eta abestiekin tartekatuz proiektuak dituen lau ildo nagusiak azalduko ditugu: 1) txalapartarien txokoa, 2) sorkuntza prozesuei leiho irekia, 3) bisita gidatuak, 4) Txokoaldetik haratago. Aurkezpena bertan izango da eta bertara egokitu beharko gara, nahiko informala izango da zentzu horretan, baino gertukoa izatea da gure nahia.

· Txokoaldeko tren estazio zaharra izango da zuen egoitza berria. Nola antolatuko duzue eraikina? Ze aukera eskaintzen dizue eraikinak?

Txalapartarekin urte hauetan egin dugun bidea oparoa izan da eta material ezberdin askorekin egin dugu lan, beraz lehenik eta behin material guztia eskura izateko aukera ematen digu. Bestalde, entsegu lokala izango da aurrerantzean landu behar ditugun proiektuentzat eta azkenik, tailer edo soinuen laborategi modura erabiliko dugu.

· Sorkuntza prozesuei leihoa irekiko diozuela diozue. Ze asmo dituzue?

Gure proiektuak formatu ezberdinetan plazaratu izan ditugu: dokumentalak, kontzertuak, ikuskizunak, etab. Denek izan dute prozesu ezberdin bat eta hori ezkutuan doa, soilik “produktua” geratzen baita ikusgarri. Sorkuntza prozesua zertan datzan erakusteko aukera ematen digu horrelako espazio batek. Eraikitzen ari den etxe baten modura imaginatu dezakegu, ez da erosoa, dena hankaz gora dago, zer izan daitekeen imagina dezakezu…, baino nola egiten den ikasteko balio du.

· Bisita gidatuak ere egingo dituzue. Zer ikusi edo ezagutu dezake hara dihoanak?

Usurbilgo udalak martxan jarri dituen ibilbide turistikoen barne egongo da. Guk gure eguneroko lana eta proiektuak azaltzeaz gain, txalapartaren iragana, hastapenak, soinu tresnaren garapena, baita gaur egun bizi duen hedapena edo musika estilo ezberdinekin duen lotura azalduko dugu.

· Txokoalden izanagatik ere, usurbildar guztiei zabaldu nahi diezue zuen eskaintza. Hori diozuenean, ze egitasmo edo proiektu izan dezakezue buruan?

Txokoalden burutuko dugu gure jarduera eta logikoki bertan egongo da ikusgai egiten duguna, baina egia da eraikinaren egoera eta baldintzak mugatuak direla beraz beste espazio batzutara mugituko gara. Aurreko urtean landu ditugun bi proiektuak adibidez Sutegin aurkeztea gustatuko litzaiguke, Japoniar dantza konpainia batekin egindako “Hybrid” eta hizkuntza gutxituen inguruan sortutako “Tosta band” proiektuaren dokumentala.

- Ohiturei (txalaparta) zentzu edo izaera berritzailea eman diozue zuen ibilbidean zehar. Zer eskaintzen dizue Usurbilek zentzu horretan?

Artze anaiak lortu zutena bere biziko garrantzia dauka gaur egungo txalapartarentzat. Usurbil erreferente nagusi bilakatu zuten. Gu jaio aurretik Txokoalden Steve Reich-ekin elkartu omen ziren, Zumetarekin afaldu eta txalapartaren berri emateko. Orduko txalaparta inoiz baino garaikideagoa zela uste dut eta noski guretzat guzti horrek garrantzia handia du, beraz Usurbil eta txalapartaren arteko lotura indartzen laguntzen badugu, guretzat ohore bat izango da.