Albisteak

Atzealdea

'Usurbil 0.0' egitasmoa aurkeztuko du Udalak ostegun honetan

Ostegunean, 19:00etatik aurrera, Udalak publiko egingo ditu 'Usurbil 0.0'ren behin behineko ondorioak eta martxora arte martxan jarriko du ekarpenen tartea.

2016·12·19


Hondakinen kudeaketa integralaren bidean

0.0 ereduaren bitartez urrats bat gehiago eman nahi da. Erabili eta bota oinarri duen ekonomia lineal batetik, hondakinak lehengai bihurtzen diren ekonomia zirkular baterantz iristea da helburua.

2008. urtean hondakinak era arduratsuagoan kudeatzeko aitzindaritza hartu zuenetik, Usurbilek hainbat aurrerapauso eman ditu norabide horretan. Bederatzi urteren ondoren, usurbildarrek argi eta garbi helarazitako mezua jasoz, Usurbilgo Udalak bere hondakinen kudeaketa integrala garatu dezakeen aztertuko du programa baten bitartez.

Programak balizko egoera horren azterketa tekniko, ekonomiko zein juridiko ezberdinak egin eta lehen ondorio batzuk atera ditu. Hala ere, ondorio horiek nazioarteko hainbat aditurekin eta usurbildarrekin partekatu nahi ditu, ahalik eta era osatuenean egin asmoz.

Lehen ondorio horiek abenduaren 22an, arratsaldeko zazpietan, egingo ditu publiko Potxoenea Kultur Etxean.

Programa 2017ko martxoaren 16ean bukatuko da, behin betiko ondorioekin.

 

Hauek dira programa honek lorgarritzat dituen zeroak:

  • 0 hondakin birziklagarri gaika bildu gabe.

Ez dadila birziklagarria den ezer ondo jaso gabe gelditu.

  • 0 hondakin birziklagarri aprobetxatu gabe.

Ez dadila xahutu materialki birziklagarria den ezer.

  • 0 hondakin biodegradagarri zabortegian.
  • 0 hondakin desmaterializatu edo erraustu.
  • 0 hondakin ekonomia zirkularretik at.
  • 0 defizit zerbitzuan

 

Honatx zein diren ikuskera horren oinarrizko ezaugarriak:

  • Herritarrak ahalduntzea.
  • Eginkizun eta arduraren dimentsio kolektiboa indartzea.
  • Ingurumena eta osasuna lehenestea.
  • Azpiegitura makro eta erraldoien ordez, azpiegitura doitu eta eskalagarriak sortzea. Tokiko konponbideak arazo globalei.

 

Usurbil 0.0 prozesuan parte hartuko duten agenteak:

- Ramon Plana Gonzalez-Sierra: Biologian doktorea eta  hondakin organikoen tratamenduetan aditua

- Ignasi Puig Ventosa: ‘Ent’ ingurumen aholkularitzako proiektuen koordinatzailea

- Joan Marc Simón: Zero Waste Europe erakundeko zuzendaria

- Gorka Bueno / Ainhoa Iraola / Dani Zuazagoitia: EHU-ko Ingenieritza Eskolako ordezkariak

- Olaia Mendoza: Birzitek enpresako ordezkaria