Albisteak

Atzealdea

'Udalberri' kalean da, udal informazioa herritarren eskura jartzeko aldizkaria

Udalberri Usurbilgo Udalaren berripapera kalean da. Gaur hasi dira banatzen herriko etxe guztietara, eta udal informazioa ahots propioz eta bitarteko propioz usurbildarrei gerturatzeko bokazioz jaio da. Lau orriko aldizkari arina eta irakurterraza da, elebiduna, eta hilero kaleratuko da.

2017·12·07


Aspaldiko hutsune bat estaltzeko helburuz jaio da Udalberri aldizkaria: udalaren informazioa jaso eta etxe guztietara iristarazteko komunikazio-tresna izango da. Izenak berak dioen bezala, udalaren berri emango du, eta hilero argitaratuko da. Lau orriko berripapera izango da, arina eta freskoa, eta elebiduna. Gaur bertan hasi dira banatzen etxe guztietan, eta Xabier Arregi alkateak, Alkatearen Txokoan dioen bezala, urte sasoiak ilunetik gehiago duenean argitik baino, argi izpi baten antzera sartu nahi du Udalberri-k Usurbilgo sukalde-txokoetan.

 

Udal informazioa usurbildarren eskura jartzeko, eta usurbildarrek udalak hartzen dituen erabakien, iragartzen dituen lanpostuen, ekitaldiez edota edozein motako ekimenen berri emateko bokazioz jaio bada ere, udalak ez luke nahi informazioa aldebakarreko norabidekoa izaterik soilik. Komunikazioa bi norabidekoa izan behar duela sinetsita, herritarrak udalera zuzentzeko bitartekoa ere izan nahi du aldizkariak, eta horretarako moduak zeintzuk diren jasotzen ditu argitalpen honek, bai alkatearengana zuzentzeko bai komunikazio-arduradunarengana zuzentzeko.

 

Lehen aldizkari honetan, gainera, usurbildarrei aukera ematen zaie udalaren lanaren gaineko balorazioa egiteko. Bi urte pasatu dira legealdia hasi zenetik, eta beharrezkoa ikusi du udal gobernuak orain arte egindakoaren gaineko balantzea egitea. Herritarrek eurak egitea nahiko luke, eta, horretarako, aldizkari honetan bertan aurki daitekeen galdetegia prestatu du. Helburua argia da: gaizki egindakoak zuzendu eta ondo egindakoetan sakondu. Galdetegia paperean bete nahi izanez gero, honako lekuetan utz dezakezue: liburutegian, kiroldegian edota udaletxean. Udalaren webgunean ere izango da aukera betetzeko. Udalak estimatuko du usurbildarren iritzia.

 

Udalak ilusioz ekin dio egitasmo honi, behar bati erantzun, eta hutsune handi bat bete dezakeelakoan. On egin!

ESTEKA HONETAN DUZUE IKUSGAI: