Eduki publikatzailea

Atzealdea

"Indarkeria sexistarik gabeko Usurbil nahi dugu"

Jendetza batu zen atzo arratsaldean Mikel Laboa plazan, asteburuan usurbildar batek jasandako eraso sexista salatzeko. Ehunka herritarrek hartu zuten parte udalak deitutako elkarretaratzean. Erasotuari eta haren senideei babesa adierazteaz gainera, indarkeria sexistaren aurkako erantzun isila bezain ozena izan zen.

2018·02·27


Ehunka herritar atera ziren atzo kalera indarkeria matxistaren aurka. Emakume batek eraso sexista bat jasan du asteburu honetan bere bikotekide ohiarengandik, eta, eraso horren aurrena, Usurbilgo Udalak dei egin zien usurbildarrei indarkeria sexistaren aurka kalera ateratzera. Udal ordezkariak lehen unetik izan dira harremanetan erasotuarekin eta haren senideekin, beharrezko laguntza guztia eskaintzeko, eta atzo pankartari eusten egon nahi izan zuten erasotuaren anai-arrebek. Eurekin batera, Xabier Arregi alkatea, Josune Estella Parekidetasun zinegotzia, Josune Urkola EAJko zinegotzia eta Fermin Orue-Etxeberria PSEko zinegotzia egon ziren. Indarkeria sexistaren aurkako batasuna eta irmotasuna erakusteko: tolerantzia zero. Beste erakundeetako ordezkari publikoek ere parte hartu zuten, hala nola Imanol Lasa Gipuzkoako Diputazioko diputatua eta bozeramalea, Miren Elgarresta Diputazioko Berdintasun zuzendaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea. Emakundeko zuzendariak ezin izan zuen parte hartu, baina emakumeari babesa adierazi zion.

Udalaren izenean, Josune Estella Parekidetasun zinegotziak irakurri zuen mezua. Hemen duzue ikusgai atzoko testua, euskaraz eta gaztelaniaz.