Albisteak
Atzealdea

‘Harriahitz.eus’ webgunea: Usurbilen ondare artistikoa, lau haizeetara

Harria Hitz bisita gidatuak webgune propioa du dagoeneko: harriahitz.eus. Usurbilgo ondare artistikoa ezagutzeko bisitei buruzko informazio guztia dago bertan, besteak beste, nondik nora doan ibilbidea, zer topatuko duten bisitariek, zein egunetan egingo diren eta nola eman daitekeen izena. Urte amaierara bitarteko hitzorduen berri ere eman dute prentsaurrekoan, formatu berriekin.

2019·09·24


Harriahitz.eus webgunea aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur Usurbilgo Udalak eta Ereiten Kultur Zerbitzuek. Usurbilgo ondare artistikoa ezagutzeko bisitei buruzko informazio guztia batu du Ereiten-ek webgune horretan, nahi duen orok modu errazean eskura dezan. “Usurbilek lotura estua du artearekin, eta herriko kaleak dira horren erakusgarririk onenak. Erdigunean pixka bat ibiltzea nahikoa da, urrutira joan beharrik gabe, zenbat artelan dauden jabetzeko: Usurbilgo kaleak herriak sormenarekin eta artearekin duen harremanaren isla zuzena dira”, azaldu du Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak. “1960ko hamarkadako kultur eztandatik gaur egunera arteko obrak ditugu tartean”, gaineratu du.

Ondare artistiko hori usurbildarren egunerokoaren parte da, herriaren paisaiaren parte: dema plaza, Udarregi bertsolariaren eskultura, Jose Luis Zumetaren murala, Mikel Laboa plaza eta haren omenezko Ikimilikiliklik eskultura, Artze anaiak, Alejandro Tapiaren murala, sagardoaren monumentua... “Usurbildarrentzat hain ohikoa den hori, ordea, euskal kulturan sakondu nahi duen edonorentzat ezezaguna izan daitekeelakoan hasi ginen Harria Hitz bisita gidatuak egiten”, azaldu du Solaberrietak. Horiek guztiek, Usurbilek artearekin duen lotura estua ez ezik, euskararekin eta euskal kulturarekin duten harremana agerian uzten dute: hala, arteaz ez ezik, euskaraz, kulturaz eta konpromisoaz hitz egiteko oinarria ematen dute.

Lehenengo bisitatik, etengabe berritu da Harria Hitz: “Ibilbidea irisgarria izan dadin aplikazio bat sortu dugu telefonoetarako eta herriko beste kultur eragile batzuekin elkarlana abiatu dugu, Txokoaldeko Txalaparta Txokoarekin eta Zumeta arte estudioarekin”, nabarmendu du Solaberrietak. Horri jarraiki, bisitei lotutako azken bi berrikuntzak aurkeztu dituzte prentsaurrean, hain zuzen: harriahitz.eus webgune berria, eta urte bukaerara bitarteko hitzorduak, formatu berriekin.

Webgunea bost ataletan banatzen da, Sara Etxebeste Ereiten Kultur Zerbitzuetako kideak azaldu duenez: sarrera, ibilbidea, Zure Usurbil, ostalaritza eta agenda. Lehenengo bietan, Harria Hitz zer den, bisitan ezagutarazten diren puntu nagusiak zeintzuk diren eta herriko ondarea eta agenda ezagutzeko loturak aurkituko dituzte bisitariek. Ostalaritzaren atalean, Usurbilgo jatetxe, ostatu eta tabernen informazioa batu dute: izan ere, Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako jende askok parte hartzen duenez bisitetan, bertan bazkaltzeko zein aukera dituen eskaintzea da horren helburua. Etxebesteren esanetan, Zure Usurbil atala oso garrantzitsua da antolatzaileentzat: “Bisitara etortzen diren pertsonekin hartu-emana sortzeko balio digu: bisitariek euren argazkiak igotzeko aukera dute, baita iritzia eman eta ekarpenak egitekoa ere”.

Azken atalean, agendan, egutegia kontsulta daiteke. Oraingoz, urte bukaerara bitartean, lau bisita izango dira: guztiak, desberdinak. Larunbat honetan izango da lehenengoa, hilaren 28an, eta urrian, azaroan eta abenduan saio bana egingo da. Irailaren 28an, Usurbilgo erdiguneko bisitaz gain, Dzirt-Dzart saioa egingo da, Donostiako Komikigunearekin elkarlanean. Idoia Torregarai aurkezle eta gai jartzaile arituko da Joseba Larratxe Josevisky eta Antton Olariaga marrazkilariekin. Urriaren 26an, berriz, herriko bisitaz gain, tailer berezi bat egingo dute Koldo Almandoz zinemagilearekin, Argazpitituluak izenburupean. Azaroaren 23an, Irati Otamendi ikerlari eta arkitektoarekin egingo dute bisita. Urteko azkena abenduaren 14an izango da: herriko bisitaz gain, Txokoaldeko Txalaparta Txokoa eta Zumetaren arte estudioa ezagutuko dituzte bisitariek, Oreka Tx taldeko Arkaitz Martinezen eta Usoa Zumeta artistaren eskutik, hurrenez hurren. “Bisitak doan izan arren, izena eman behar da, eta webgunean dituzue gurekin harremanetan jartzeko telefonoa eta helbide elektronikoa”, ohartarazi du Etxebestek.

Solaberrietak azaldu duenez, Harria Hitz bisiten ezaugarriek bat egiten dute Usurbilgo Udalak defendatzen duen turismo ereduarekin: “Sarak esan bezala, jende asko etorri ohi da Euskal Herriko hainbat txokotatik. Beti dira, gainera, talde mugatuak, herritarren joan-etorrian traba izan ez daitezen. Azken finean, horiek erakusten dute Usurbilen defendatzen dugun turismo eredua: pausatua, gertukoa, euskalduna eta herritarrak errespetatzen dituena”. Euskal kultura sakonago ezagutu nahi duten guztiak Usurbilgo bisitetan parte hartzera gonbidatuz amaitu du prentsaurrekoa Solaberrietak.