Eduki publikatzailea

Atzealdea

“Ez ditugu herri hilak nahi”

Beterri-Buruntzako merkatarien elkarteek sentsibilizazio kanpaina abiarazi dute herri-merkataritzak bizi duen egoera kezkagarriaz herritarrak sentsibilizatzeko, eta, horretarako, beltzez estali dituzte euren erakus-leihoak. Eskualdeko udalen babesa jaso dute, tartean, Usurbilgo Udalarena. Datorren astean koloreak ordezkatuko du beltza, herri-merkataritzak herri-bizitzari egiten dion ekarpena eta bizitasuna aldarrikatzeko.

2018·09·21


Oihal beltzez esnatu ziren atzo herriko establezimenduetako erakus-leihoak. Hain justu, gaur aurkeztu dute kanpaina Beterri eta Buruntzaldeko merkatarien elkarteek eta alboan izan dituzte Andoain, Hernani, Astigarraga eta Usurbilgo alkateak. Helburua argia da: merkataritzaren egoera kezkagarriaz herritarrak eta erakundeak ohartaraztea. Asmo horretan indarrak batu eta kanpaina honekin bat egin dute eskualdeko bost herrik: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbilek. Bakoitza bere modura, baina erantzuna eta parte-hartzea izugarri handia izan da: establezimenduen % 75etik gora ari da parte hartzen. Usurbilen, are handiagoa da parte-hartzea: 52 guztira, era guztietakoak, gainera. Denden kasuan, % 90tik gora.

 

Andoain, Astigarraga eta Usurbilgo udalerrietan, merkatariek belztu egin dituzte euren erakus-leihoak, herri-merkataritzarik gabeko herriak tristeak eta hilak liratekeela irudikatzeko. Igandera arte iraungo du sentsibilizazio-kanpaina horrek. Juanjo Allur Siadecoko koordinatzailea eta eskualdeko merkataritza-mahaiaren koordinatzaileak nabarmendu duenez, ez da irudi gozoa, atsegina, inorentzat. Ez herritarrentzat ez dendarientzat. Paisaia gogorra da. “Dendariak ez du bere erakus-leihoa belztuta eduki nahi. Ez da erabaki erraza”. Baina, egoera zaila bizi dutela eta etorkizuna beltz dutela ohartarazteko egin dutela nabarmendu du. Merkataritza-gune handien zabalkundeak eta merkataritza elektronikoaren eraginak sektorea asko kaltetu du, eta salmentak asko jaitsi dira. “Herritarrak libre dira erosketak nonahi egiteko, baina herrian bertan erostea aukera bat da. Ez da aukera txarrena, baizik eta aukera hoberena da, gertuena delako”. Eta, hain zuzen, horretaz sentsibilizatu nahi dituzte herritarrak. Oihal beltzarekin batera, honako esaldiak itsatsi dituzte: Zer nolako herria nahi duzu?, Ez dakigu zer daukagun galtzen dugun arte, Herrian erosteak handi egiten zaitu. “Herri-merkataritza desagertuko balitz, herriek zer-nolako galera izango luketen jabetu behar dugu”, azpimarratu du. Xabier Arregi Usurbilgo alkateak hari horri tiraka gehitu du galera horrek ez liokeela soilik merkataritzari eragingo, herri-bizitzari baizik, eta, horrenbestez, guztion ardura badela.

 

Jon Zulueta Andoaingo zinegotzia antzera mintzatu da. Haren esanetan, herri-merkataritzak izugarrizko garrantzia du herri baten garapenean, bai garapen ekonomikoan, bai sozialean, bai kulturalean. Horregatik, kanpaina honek hausnarketarako deia egiten duela dio eta guztioi interpelatzen gaituela: herritarroi, erakundeoi eta merkatariei eurei. “Erakundeok animo hitzak emateaz gainera, herri-merkataritza babesteko neurriak adostu eta martxan jarri behar ditugu, bai udalok, bai diputazioak, bai Eusko Jaurlaritzak”.

 

Kolorezko erakus-leihoak

Beltza ez ezik, kolorea ere erabiliko dute. Izan ere, irailaren 24tik aurrera, koloreek hartuko baitute beltzaren tokia. Erakus-leihoak kolorez dekoratuko dituzte, herri-merkataritzak herri-bizitzari ematen dion kolorea, bizitasuna eta poza irudikatzeko. Fase horretara Lasarte-Oriako merkatariak gehituko dira.