Albisteak

Atzealdea

“Ez da zilegi Usurbilgo Udalari konpromiso falta leporatzea, norbere hutsa estaltzeko”

Gipuzkoako Diputazioko Bide-Azpiegituretako diputatuak Troiako pasabideari buruz esan berri dituenak gezurtatu nahi izan ditu Xabier Arregi alkateak: “Egia urruti du ohar horrek. Merkea da udala erantzule egitea. Zintzotasun eza da nagusi”. Semaforo bidezko alternatiba legegintzaldi hasieran aztertu zela gogorarazi du alkateak eta diputazioa bera izan zela airetiko pasabidea eskatu zuena. “Usurbilek ezinbestean eta premiaz behar du puntu beltz arriskutsuen konponbide integrala, ez konponbide partzialak”. Ika-mikak utzi eta elkarlanerako deia egin du alkateak: “Herritarrek eskertuko digute”.

2018·03·02


Troiako pasabide arriskutsua dela-eta, Gipuzkoako Foru-Aldundiko (GFA) Bide-Azpiegituren Sailak kaleratu berri duen oharraren aurrean, Xabier Arregi Usurbilgo alkateak oharrean aipatzen diren hainbat kontu gezurtatu eta gai honek izan duen ibilerari errepasoa egin nahi izan dio:

  • Legealdiaren hasieran GFAko bi sailekin bildu zen udala, Usurbilgo pasabide arriskutsuen gaiari heldu eta tratamendu integral baten planteamendua egiteko. Gaien artean ziren errepidearen puntu beltz arriskutsuak eta bidegorriaren proiektua. Usurbildarrontzat hain gai garrantzitsuak eta aspaldikoak izanda, GFAren agendara ekarri nahi izan zituen udalak, beldurgarria delako daukagun panorama errepidea eta trenbidea zeharkatzeko. Panorama beltza dela ez du inork inoiz ukatu. Administrazioen arteko elkarlanaren beharra ere ez da, hitzez, auzitan jarri.

  • GFArekin ez ezik, Eusko Trenbide Sareak (ETS) erakundearekin ere jarraikortasunez bildu izan dira udal ordezkariak, alkatea bera buru, errepideak eta trenbideak tratamendu bateratua eskatzen dutelako.

  • Maiz samar egin dira bilerak harrezkero. “Udalaren ekimenez beti”, zehaztu du alkateak: “Geuk deitu izan diegu alde guztiei, eta hitzorduen gestioaz ere geu arduratu izan gara. Hori normaltzat hartzen dugu”.

  • Landutako puntu beltzen artean zegoen Troia, zorigaiztoko igarobide arriskutsua. Proiektu bat idaztea erabaki zen, erakunde guztien adostasunez, eta ETSk hartu zuen proiektua koordinatzeko ardura. “Jakina, orduan ez zegoen argi zer kostu izango zuen proiektuak, eta ez zegoen diru-aportazioei buruzko konpromiso zehatzik. Baina aurrera egiteko borondatea erakutsi zen”, azpimarratu du alkateak. Proiektuari forma ematean, batzuen eta besteen soluziobide teknikoei buruzko iritziak eta ekarpenak jaso dira, tartean GFArenak. “Deigarria da hasierako planoetan errepidea semaforoen babesaz zeharkatzea proposatu zela, baina GFA bera izan zela airetiko pasabidea eskatu zuena”, gogorarazi du alkateak.

  • Exekuzio-proiektua idatzita dago, eta proiektu horren exekuzioaz hitz egin zuten Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak eta GFAk. Usurbilgo udalak sailburuordearen eskutik jakin zuen GFAk ez zuela aurrera egiteko asmorik. “GFAk deitu zigun horren berri emateko? Ez. Egoera horren aurrean, GFAk ekimena hartu eta planteatu al zuen irtenbide alternatiborik? Ez. Geu izan gara, berriz ere, erantzun eske joan garenak”, dio alkateak.

  • Udala eta diputazioaren arteko bilera otsailaren 23an egin zen, udalaren eskariz, berriz ere. Bilera horretan esan zitzaion udalari kostu handia daukala proiektuak (2,4 milioi euro) eta udalak ere zerbait jarri beharko lukeela. Hain zuzen ere, zuzendariak esan zuen oinezkoek errepidera doan Troia aldeko aldapan oinezkoen bideari segida eman behar zaiola eta horren ardura udalak hartu beharko lukeela. Eskari horren aurrean, udalaren erantzuna baiezkoa izan zen: udalak bere gain hartzen duela eginkizun hori. Eta bilera horretan, ez lehenago, jakinarazi zuten aztertuko zutela semaforo bidezko irtenbidea. Edonola ere, udalak udalaren irudiko, konponbideak osoa behar du izan, integrala, eta ez behin-behineko konponbidea.

  • Bilera horretan udalak behin eta berriz jarri zuen mahai gainean Usurbilek hainbat puntu beltz dituela, eta hitzarmen bat egin beharko litzatekeela, eragile guztien adostasunez, nork bere konpromisoak hartuz. Udala prest agertu da hitzarmen horren araberako ekarpenak egiteko, zentzuz dagokion neurrian. “Jarrera hori behin eta berriz erakutsi dugu. GFAk ez du hitzarmen hori lantzeko borondate garbirik erakutsi”.

    Xabier Arregik halaxe laburbildu du gertakarien errepasoa: “Prozesu honetan parte hartu dugunok badakigu hori horrela dela. Beraz, ez da zilegi Usurbilgo Udalari konpromiso falta leporatzea, horrela norbere hutsa estaltzeko. Elkarlan espiritua kinka larrian jarri duena GFA izan da, ez diolako aurre egin nahi izan konponbide honek eskatzen duen konpromisoari”.

    Elkarlanerako deia

    Dena den, alkateak ika-mikak albo batera uzteko deia egin nahi izan du. “Garaiz gaude aurrera egiteko. Herritarrek zinez eskertuko digute. Usurbilek ezinbestean eta premiaz behar du puntu beltz arriskutsuen konponbide integral bat. Erakundeok batera jokatu behar dugu horretan, eta Usurbilgo Udala prest dago eragiteko eta laguntzeko”.