Albisteak

Atzealdea

'Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua' jardunaldia antolatu dute UEUk, Jakinek eta Usurbilgo Udalak

Programazio kulturalarekin osatuko da ikastaroa: Zumeta Arte Estudiora egingo da bisita, eta Joseba B. Lenoir, Miren Narbaiza eta La Basuk kontzertua eskainiko dute.

2017·05·31


Bidegurutzetik bidegurutzeaz. Asmo horrekin antolatu dute UEUk eta Jakinek Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua izeneko jardunaldia. Lau esparruen arteko talka eta elkarguneak aztertuko ditu, eta uztailaren 13 eta 14an egingo da Usurbilen. Izan ere, bertako udalarekin hiru urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute Jakinek eta UEUk. Horrela, UEUren udako ikastaroen baitan Jakin Jardunaldiak antolatuko dira, eta ohiko ikastaro formatuaz gaindi, kultura programazioarekin osatuko da jardunaldia, bisita gidatu eta kontzertuekin.


Bizikidetzaren korapiloetan
“Gure eguneroko bizitza eta besteekiko bizikidetza hizkuntza, genero, klase sozial eta jatorriaren arteko harremanetan josten da”, Lorea Agirre Jakineko zuzendariaren hitzetan. “Harreman horien nolakotasunak esaten digu zerbait geure buruaz, geure taldetasunez, eta, azken finean, herria egiteko geure moduez, ezinez eta indarguneez”.

Topagune honek “aukera ederra” eskaintzen duela ziurtatu du Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, “hausnarketarako, eztabaidarako eta gaietan sakontzeko” bide ematen duelako. Horixe baita UEUk antolatzen dituen udako ikastaroen helburua. Eta Jakinekin orain bi urte hasitako elkarlanari orain Usurbilgo Udala batzea oso positiboa dela gaineratu du. Bat dator Xabier Arregi Usurbilgo alkatea: “gure plaza zuekin partekatzea interes eta ilusio handikotzat daukagu”.

Harreman horiek aletuz sortzen diren galdera eta erronkei erantzuten saiatuko da ikastaroa: hizkuntza eta kultura aniztasunaz, euskararen normalizazioaz, beste hizkuntza ez-hegemonikoentzako euskal hiztunen ekarpenaz, klasearen egungo esanahiaz, prekaritateaz, botere harremanez, ahalduntzeaz, borroken aliantzez nahiz jendarte justu eta berdinzaleagoaren eraikuntzaz jardungo baitu ikastaroak. Guztia bidegurutzetik, elkarguneko feminismoaren begirada baliatuz bidegurutzeari erreparatzeko.

 

Parte hartuko dutenak

Diskurtsoa eraikitzen eta praktika egikaritzen dabiltzan hamabi aditu eta aritu bilduko ditu horretarako Jakin Jardunaldiak. Lehen egunean, diskurtsoari helduko dio Mari Luz Esteban EHUko irakasle eta antropologoaren, Ignazio Aiestaran EHUko irakasle eta filosofoaren, Maria Reimondez Galiziako idazle eta itzultzailearen eta Itziar Gandarias psikologia sozialeko Deustuko Unibertsitateko irakaslearen hitzaldiekin. Arratsaldean, gainera, elkarrekin arituko dira mahai-inguruan.

Bigarren egunean, berriz, bizi-ibilbideen errepasoa baliatuko du ikastaroak bidegurutzea zeharkatzeko: Petra Elser Banaiz Bagara elkarteko zuzendariak, Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasle eta kulturartekotasunean adituak eta Tarana Karim SOS Arrazakeria elkarteko kideak hartuko dute hitza. Ondoren, mahai-inguruan elkartuko dira, eta Jessica Chalampuente kitxua eta Aminata Diop Seck senegaldarra batuko zaizkie, norbere bizipenekin eta hizkuntzarekin eztabaida aberasteko. Jardunaldiei akabaila emateko, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina bertsolariek entzundakoa laburbilduko dute bertsotan.

Topagune honek “aukera ederra” eskaintzen duela ziurtatu du Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, “hausnarketarako, eztabaidarako eta gaietan sakontzeko” bide ematen duelako. Horixe baita UEUk antolatzen dituen udako ikastaroen helburua. Eta Jakinekin orain bi urte hasitako elkarlanari orain Usurbilgo Udala batzea oso positiboa dela gaineratu du. Bat dator Xabier Arregi Usurbilgo alkatea: “gure plaza zuekin partekatzea interes eta ilusio handikotzat daukagu”.

 

Kontzertuak eta Zumetari bisita

Jardunaldiek jarraipena izango dute ikastaro orduetatik kanpo. “Bestelako ekintza osagarriak eta jendaurrekoak egin nahi ditugu”, adierazi du Xabier Arregik. “Usurbil kultura tradizio handiko herria baita, eta hiriaren periferian egonda ere, Usurbil badelako nor, gai honekin interesa izango duen herritar, pentsalari, aditu eta arituak etorri daitezen nahi dugu”. Antolatutako programaren aniztasuna da horren lekuko.

Uztailaren 13an, ostegunean, Harria-Hitz Usurbilgo herriaren eta euskal kultura  garaikidearen arteko loturari buruzko bisita gidatua egingo da 18:00etan (Artze anaiak, Mikel Laboa, Tapia anaiak…). Bisitariek Jose Luis Zumeta margolariaren Arte Estudioa ezagutzeko aukera izango dute ondoren. Gauean, berriz, Joseba B. Lenoir eta Miren Narbaiza musikariek elkarrekin eskainiko dute emanaldia, eta La Basuk hartuko die lekukoa Mikel Laboa plazan.

Ikastaroa eta kultura ekimen guztiak doan izango dira. Baina, bisita gidatura joan nahi duenak, aldez aurretik eman beharko du izena info@kultour.pro helbidean. Ikastaroan izena emateko epea ere zabaldik da UEU-ren udako ikastaroen atarian.

 

PROGRAMAZIOA

 

UZTAILAREN 13a, osteguna

9:00-9:10 - Ongi etorria: Lorea Agirre (Jakineko zuzendaria)

9:10-9:30 - Sarrera: Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel (Kazetaria eta EHUko irakaslea)

9:30-10:15 - Mari Luz Esteban (Antropologoa, EHUko irakaslea)

10:15-11:30 - Ignazio Aiestaran (Filosofoa, EHUko irakaslea)

---

11:45-12:30 - Maria Reimondez (Itzultzaile, interpretari eta poeta)

12:30-13:15 -  Itziar Gandarias (Psikologo soziala, Deustuko Unibertsitateko irakaslea)

---

15:00-17:00 - Mahai-ingurua: Mari Luz Esteban, Ignazio Aiestaran, Itziar Gandarias, Maria Reimondez. Moderatzailea: Idurre Eskisabel

17:00-17:30 - Laburbilduma: Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina

---

18:00etatik aurrera, bisita gidatua Usurbigdo muralgintzan barrena eta Jose Luis Zumetaren estudiora.

22:00etan gaualdia, Mikel Laboa plazan, Joseba B. Lenoir eta Miren Narbaizarekin, eta La Basurekin.

  

UZTAILAREN 14a, ostirala

9:00-9:30 - Amelia Barquin (Kulturartekotasunean aditua, Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakaslea)

9:30-10:00 - Petra Elser (Banaiz Bagara elkarteko zuzendaria)

10:00:10:30 - Tarana Karim (SOS Arrazakeria elkarteko kidea)

---

11:00-11:30 - Jessica Chalampuente (Ecuador Etxeko kidea)

11:30-12:00 - Aminata Diop Seck (Amher elkarteko kidea)

12:00-13:30 - Mahai-ingurua: Jessica Chalampuente, Aminata Diop Seck, Amelia Barquin, Tarana Karim eta Petra Elser (itzulpena egingo da euskara, kitxua, galiziera eta wolof hizkuntzen artean)

13:30-14:00 - Laburbilduma: Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina