Eduki publikatzailea

Atzealdea

"Emakumeek egunero pairatzen dituzten askotariko indarkeria adierazpenekiko tolerantzia eta inbisibilizazio handia dago oraindik ere"

Azaroaren 25ean da Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta hori dela eta, Usurbilgo udal-gobernuak adierazpen instituzionala kaleratu du. Indarkeria matxistaren gaineko datuak asaldatzeko modukoak direla eta gizarteak ezin duela egoera horretara ohitu ohartarazi du. Zentzu horretan, gogora ekarri du aurten 9 emakume hil dituela indarkeria matxistak eta egunero zortzi emakumek salatzen dituztela tratu txarrak. Horregatik, igande honetarako herriko emakume talde batek deitu duen elkarrretaratzearekin bat egin eta usurbildarrei parte hartzeko deia egin die. 12:30ean da elkarretaratzea, frontoian. Halaber, Udaleko Parekidetasun Sailak “Bakean dagoena bakean utzi!” antzezlana antolatu du biharko: 19:00etan, Sutegin.

2018·11·23


Azaroaren 25ean da Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta, horren karietara, Usurbilgo udal-gobernuak adierazpen instituzionala kaleratu du. Nabarmendu du aspaldiko estatistikarik dramatikoena utzi duela aurten indarkeria matxistak Euskal Herrian: bederatzi emakume hil dituzte euren bikotekide edota bikotekide ohiek. "2005etik ez da halako sarraskirik izan, izan ere, urte hartan hamar andrazko hil zituzten". Edonola ere, arazoa are sakonagoa dela dio, izan ere, indarkeria matxistak 98 emakume eta 11 adingabe hil ditu azkeneko hamasei urteetan Euskal Herrian eta egunero zortzi emakumek salatzen dituzte tratu txarrak. "Ezin dugu, inondik inora, egoera lazgarri horretara ohitu. Asaldatzeko modukoa da egoera, eta, horrenbestez, arazoa erdigunean jartzea dagokigu". Zentzu horretan, udal-gobernuaren irudiko, erailketa edota eraso matxistak ezin dira modu isolatuan ulertu, eta arazoaren muinera, sustraietara, jo behar da ezinbestean. "Erakundeok horren ardura dugu, izan ere, indarkeria matxistak sistema sozial, ekonomiko eta sinboliko honetan du jatorria. Eta sistema hori injustua da; aukera berdintasunik ez du bermatzen, emakumeak menpeko estatus batean kokatzen ditu eta indarkeria matxista erabiltzen du tresna sistemiko gisa".

Halaber, udal-gobernuak azpimarra egin du emakumeek egunero pairatzen dituzten askotariko indarkeria adierazpenetan, izan ere, euren esanetan, indarkeria fisikoa, psikologikoa, ahozkoa, sexuala, sinbolikoa edota ekonomikoa arlo guztietan gertatzen da, besteak beste, kalean, lanean, aisialdian, jai-guneetan, hedabideetan, etxean edota watsap-taldeetan... eta indarkeria horiekiko "tolerantzia eta insibilizazio handia" dagoela dio. Horregatik, euren iritziz, denon erantzukizuna da bakoitzaren eragin-eremutik aurre egitea "sortzen edo babesten" ari den indarkeria matxistari.

Elkarretaratzean parte hartzeko deia

Hala, udal-gobernuak Usurbil feminista baten aldeko aldarrikapena egin du. "Bide horretan dagozkigun konpromisoak geure egiten ditugu". Bide hori, gainera, mugimendu feministarekin elkarlanean egin nahi dute. Horregatik, igande honetarako herriko emakumeek deitu duten mobilizazioarekin bat egin eta usurbildarrei parte hartzeko deia egin die.

Bestalde, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak “Bakean dagoena bakean utzi!” antzezlana antolatu du biharko. 19:00etan izango da, Sutegin. Antzezleak Idoia Torregarai usurbildarra eta Mirari Martiarena dira.