Albisteak

Atzealdea

'Buruntzaldeko Ibilbideak' egitasmoaren aurkezpena egin da

Datorren astelehenetik aurrera, urriak 17, informazio hau guztia Buruntzaldeko web orrian jarrita eta operatibo egongo da, interesa duten pertsonek erabili dezaten.

2016·10·16


 “ Buruntzaldeko Ibilbideak ” izeneko proiektuari esker, lehiatzeko ez den eta edozein publiko motarentzat egokia den kirola egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera dugu. Bidezidor eta bide ezberdinak ditugu (bost ibilbide ezberdin daude aukeran), landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz.

Herrietan ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude, bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak. Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude (Lasarte-Oria, urre zaharra; Urnieta, berdea; Usurbil, laranja; eta Andoain, urdina), hala, seinale bat bidean ikusten dugunean zein ibilbidetan gauden jakingo dugu.

Zehazki esanda aukeran dauden ibilbideak ondoko hauek dira:

- ANDOAIN – LASARTE-ORIA. Koloreak, urdina eta urre zaharra; 7,9 km.ko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da. Ibilbide honek bi aukera eskaintzen ditu: Bat Buruntza mendiko gailurra eginez, San Roke ermitatik barrena, eta bestea Buruntza mendia gerritik inguratuz.

- ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

- ANDOAIN – USURBIL. Koloreak, berdea eta laranja; 14,9 km.ko luzera du (luzeena da); oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.

- LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

- LASARTE-ORIA – USURBIL - AGINAGA Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9,00 km.ko luzera du (Santuene auzotik barrena Aginagako Mapil ingururaino); oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Aipatutako ibilbide hauek guztiak edozein norabidetan egin daitezke. Ibilbide hauei buruzko informazio zehatza (mapak, profilak, izenak, distantziak…) “buruntzaldea.eus” helbidean aurkitu daiteke.

Aurten, Rafa Cabanillasen lankidetzari esker, ibilbide ezberdinei buruzko informazio guztia, Buruntzaldeko web orritik telefono mugikorrera deskargatu daitekeen aplikazio bat garatu da. Hori egiteko formatu hauek erabili daitezke: “Pdf” (ibilbideen informazioa paperean inprimatzeko aukera ematen du), “gps” (dagozkion track-ak barne), edo Buruntzalderako zehazki egindako “app” bat (Route You). Datorren astelehenetik aurrera, urriak 17, informazio hau guztia Buruntzaldeko web orrian jarrita eta operatibo egongo da, interesa duten pertsonek erabili dezaten.

Buruntzaldeako 2016-2017 ikasturterako planak, ibilbide hauek guztiak ezagutzera emateko martxa bat antolatzea du aurreikusia, alegia, Buruntzaldeko ibilbideen eguna, 2016ko urriaren 23an (igandea) egingo dena.