Albisteak

Atzealdea

'Adi Usurbil', Usurbil ezagutzeko app berria

Ibilbidean bisitatzen diren puntuetan QR kodeak ezarri ditu udalak, eta 'Adi Usurbil' aplikazioaren bitartez kode horiek irakurri eta ibilbidearen ezaugarri eta informazio guztia jasoko da puntuz puntu.

2016·02·05


Usurbilgo Udalak, Elhuyar fundazioarekin elkarlanean, 'Adi Usurbil' izeneko 'app' edo aplikazioa atondu du gailu elektronikoetarako. App berri honek Usurbil ezagutarazteko aukera eskainiko du, bere ondare kulturalari zein turistikoari erreparatuz, besteak beste. Izan ere, beste aukera batzuen artean, 'Harriak Hitz' ibilbidea norbere kabuz egiteko aukera eskainiko du app berri honek.

Usurbil euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutakoa.Inon baino hobeto islatzen da 60. hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultur eztanda eta bere ondorena. Altxor ezkutu horiek ezagutarazteko, Harriak Hitz ibilbidea antolatu zen duela hilabete batzuk, eta bertan Dema Plaza, Udarregi bertsolaria, Zumeta, Mikel Laboa edota Tapia eta Artze anaiak barnebiltzen dira. Orain,berriz, beste aurrerapauso bat da.

Aplikazioa, dohain

Ibilbidean bisitatzen diren puntuetan QR kodeak ezarri ditu udalak, eta 'Adi Usurbil' aplikazioaren bitartez kode horiek irakurri eta ibilbidearen ezaugarri eta informazio guztia jasoko da puntuz puntu. Modu horretan, noizean behin egiten diren bisita gidatuez gain, nahi duen edonork aplikazio dohain jaitsi eta bere kabuz egin ahalko du ibilbidea.