Visor de contenido web

Herriguneko interesguneak eta monumentuak

Udaletxea

Egun, Joxe Martin Sagardia Plazan aurkituko duzue Usurbilgo Udaletxea, baina mendeetan zehar, kokapen ezberdinak ezagutu ditu: Kalezarren, lehendabizi, eta antzinako 'Parisko hariztian' (Elizalden), ondoren. 1672an eraikitako Udaletxe barroko hura, Juan de Zugastik diseinatutakoa, sute batek suntsitu zuen, ordea. Gaur egungo Udaletxea, XX. mendearen hasieran eraiki zen. Fatxada nagusia hareharrizko harlanduz egina dago, eta erdiko gorputzari garrantzi handiagoa ematen zaio, fatxadaren gainerakoa baino irtenagoa baitago gune hau. Aurrealdeko harmailadiak, erdi-puntuko hiru arkuko karrerapeak eta balkoi korrituak, areagotu egiten dute eraikinaren zati hori nabarmentzeko nahia. Oinplano angeluzuzeneko eraikina da Udaletxea, eta ongi bereizitako hiru solairu ditu. Ez du armarririk, eta gainerako fatxadek, berrikiago egindako leiho dintelduak eta horma zuriak dituzte.

 

San Salbatore eliza

XVI-XVII. mendeetan eraiki zen. Nabe bakarreko eraikina da eta abside poligonala du. Arkupe deigarriak ditu, baina Elizako kanpandorrea da, zalantzarik gabe, Usurbilgo 'postal' guztietan agertzen dena. Historia liburuek diotenez, barroko estiloko dorre hori, Francisco de Echeveste (1683- 1753) almirante usurbildarrak utzitako ondareari esker eraiki zen. Dorrearen diseinu lanak Francisco de Ibero arkitektoak (1724-1795) taxutu zituen.

Herriko Eliza nagusiaren barrualdean, Elizako sabaia bera -itsasontzi alderantzikatuaren itxura duena-, XVII. mendeko erretaula nagusia -Bazkardorena- eta ehun urtez martxan egon zen erloju zaharra nabarmenduko genituzke, 1907an Parisko Cavaillé- Coll lantegietan eraikitako organo baliotsua ahaztu gabe. Gipuzkoa da, antza, mundu mailan, hain eremu txikian, honelako organo gehien dituen lurraldea. Soinurbil Musika Astearen egitarauaren barruan eta Donostiako Musika Hamabostaldiarekin bat eginez, organo kontzertuak eskaintzen dira. Ohikoena, San Salbatore Elizako ateak itxita aurkitzea den arren, taldeentzako bisitaldiak antolatzen dira.

Tel.: 630 562 588 (Joan Luis)

 

Saroe jauregia

XVII. mendeko eraikin barrokoa da, eta Gipuzkoan, bere estiloko eraikuntzen artean, luxuzkoenetakoa dela esaten dute. Joaquin de Yrizar Bergarako arkitektoak eraberritu zuen 1920 inguruan. Oinplano karratua du eta hareharrizko harlanduz egina dago. Fatxada nagusian, armarri, leiho eta balkoi ikusgarriak ditu, eta sarreran, berriz, bi arku dotore. Lorategi ederra igartzen zaio atzealdean. Gaur egun, Kultur Ondare izendatutako monumentua da.

 

Dema plaza

Herriaren bizkarrezurra eta muina dugu Dema plaza. Zestoakoarekin batera, Gipuzkoako dema-plazarik luzeenetakoa da Usurbilgoa (38 metro luze ditu, eta 22 ingurukoak izan ohi dira arruntenak). Xarma berezia du; Plazako zoruari erreparatu besterik ez dago horretaz jabetzeko: Errekarriz osatutako irudi geometrikoak dituzte Dema Plazako zintek; eta eremu osoa, zinta bakoitza bezala, galtzada-harriz dago mugatuta. Euskal Herriko dema-plazarik sonatuenak Bizkaia aldean dauden arren, Usurbilen ere antolatzen dira, noizean behin (Santixabeletan), idi-probak eta erakustaldiak; giza-probak ere egin izan dira bertan. Eta horien lekuko, Plazaren bazter batean ikus daitezkeen bi demarriak: 3.800 kiloko harria da bata, mugitzeko baldarra, eta 1.800 kilo dituena bestea. Dema Plazan ospatzen dira herriko jai ekitaldi nagusiak eta azokak ere: Sagardo Eguna, Santixabeletako txupinazoa, Erle Eguna...

 

Frontoia

Euskal Herrian oso errotuta dagoen kirola dugu pilotarena. Eta handia da sortzen duen ikusmina ere. Modalitate ugari ditu (eskuz, palaz, xisteraz...), eta eraikuntza berezia behar du taxuz jokatu ahal izateko: Frontoia. Dema Plazari atxikita dago, hain zuzen ere, herriko frontoi nagusia. 1997an amaitu zituzten Iñaki Martinez Labiano arkitektoak diseinaturiko estalki berria ezartzeko lanak. Herrigunetik kanpo, auzo bakoitzak bere pilotalekua du: Agerialdeko frontoia, Aginagako Ariztitxo pilotalekua, Santueneakoa, Txokoaldekoa, Zubietako frontoi estalia, eta baita Errebote Plazakoa ere, auzo horretan bertan.

 

Zumetaren murala

Usurbilgo haur eta gazteen topaleku den pilotalekuaren frontisaren atzealdean dago, hain zuzen ere, herriko altxor handienetako bat: Jose Luis Zumeta margolari usurbildarraren murala, 16 metroko zabalera eta 9 metroko altuera duen zeramikazko horma-irudi abstraktua. 1973. urteaz geroztik dago bertan, eta beraz, 40 urte egin ditu, dagoeneko, herritarren zein kanpotarren irudimena kolorez zipriztintzen

 

Laboaren omenezko Ikimilikiliklik eskultura

Gizon handia genuen Mikel Laboa (1934-2008). Handia, euskal kantagintzari egin zion ekarpenagatik. Handia, bere umiltasunean. Donostiarra izanik ere, lotura estua izan zuen, Laboak, Usurbilekin eta hainbat usurbildarrekin: JosAnton Artze poetarekin eta bere anaia Jexux Artzerekin (1945-2002) -herri honek ezagutu duen txalapartaririk finenarekin-, besteak beste, eta baita Jose Luis Zumeta margolariarekin ere. Laboaren omenezko Ikimilikiliklik eskultura -2010ean Juan Jose Aranguren artista donostiarrak korten al tzairuan ondua-, Mikel Laboa Plazaren erdigunean dago, Zumetaren muralarekin elkarrizketa tai gabean.

 

Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura

Juan Jose Alkain 'Udarregi' bertsolaria (1829-1895) Aian jaio zen, baina Usurbilgo Artikulaaundi baserria izan zuen bizileku bere bizitzako zatirik handienean. XIX. mendeko plazagizon honen omenezko eskultura -Remigio Mendiburu hondarribiarraren (1931-1990) artelan abstraktua- frontoiaren alde batean aurkituko duzue.

 

Sutegi

Usurbilek kultur azpiegitura berriak ditu. Dema Plazaren eta frontoiaren ardatzaren inguruan topatuko dituzue horiek ere. Batetik, Sutegi, 2005ean inauguratu zuten eraikina. Liburutegi eta antzoki gisa erabil tzen da, eta erakusketak ere antolatzen dituzte lantzean behin. Sotoan, auditorioa dago (155 lagun inguru sartzen dira bertan). Beheko solairuan, erakusketa aretoa, eta 1. eta 2. solairuetan, aldiz, Liburutegia.

 

Potxoenea

Eta bestetik, Potxoenea. Kultur Etxe berriak 2012an zabaldu zituen bere ateak. Dinamizaziorako, sorkuntzarako, elkarrekin ideiak partekatzeko... gunea da kultura-eragile zein herritarrentzat (ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak... antolatzen dira bertan). Hiru solairutan dago banatuta eta, bulegoez gain, biltegiak eta beste hainbat areto eta gela ere baditu. Dema Plazaren eta Askatasuna Plazaren artean dagoen eraikuntza honen eraberritze proiektua Juan Pedro Otaduy, Ainara Sagarna eta Maialen Sagarna arkitektoek diseinatu zuten. Arquia Fundazioak antolatzen dituen Arquia/Proxima Sarietan, aurkezturiko 1.400 proiektu baino gehiagoren artean, 24 onenen artean tokia egitea lortu zuen eraikin honek. Eraikin bitxia da Potxoenea, tradizioa eta modernitatea bikain uztartzen dituena. Dema Plazara begira dagoen etxaurreari, betiko itxura mantendu diote -harria eta irekidura txikiak dira nagusi-; Askatasuna Plazara ematen duen sarrera, berriz, arkitektura minimalistaz jantzi dute -egurra gailentzen da, eta leiho ederrak egin dizkiote-.

 

Oiardo kiroldegia

1990ean ireki zituen bere ateak. Cristina Sanz eta Alberto Zulueta arkitektoek diseinatu zuten 4.000 metro karratutik gorako azalera duen kirol-instalazio gunea: 2 igerileku (25 x 8 metrokoa eta 8 x 4 metrokoa), pista kirolanitza (40 x 20), squasha, 2 gimnasio, tatamia, sauna eta belar artifizialeko futbol-zelai txikia (30 x 15) eskaintzen ditu.

 

Artzabal parkea

Artzabal parkeak -Usurbilgo 'birika berdeak'- 18.000 metro karratuko azalera du ia. XVIII. mendeko Artzabal baserria, Gure Pakea jubilatuen egoitza ere badena, bertan kokatua dago, eta berdegune zabala du aurrean, esertzeko banku eta guzti. Parkean, hainbat zuhaitz espezie topa ditzakegu: astigarrak, nagusiki (zilar-astigarra, Kapadoziako astigarra, astigar zorrotza, zuria, arrunta...), baina baita likidanbarrak eta gereziondoak ere, besteak beste. Haurrekin joateko toki aproposa da: pilotalekua, haurparkea eta tirolina egiteko aukera ere eskaintzen du.

 

Askatasuna plaza

Askatasuna Plazako porlanezko hormetan denetarik topatuko duzue: animaliak, pertsonaia ezagunak eta ez hain ezagunak, txirrindulariak, mendizaleak, pilotariak, txalapartariak, artzainak, 'oilasko- bil tzaileak', haurrak jolasean eta dantzan... Horiexek dira Carlos Zabala 'Arrastalu' irundarraren zeramikazko irudietan agertzen diren motiboetako zenbait, eta Euskal Herriko ohiturak irudikatzen dituzte. 1990eko hamarkadaren hasieran egin zituen, 'Arrastaluk', haurren jolasleku ere baden Plaza hau apain tzeko erliebeak, eta baita kolore biziz margotu ere. Asteazkenetan, azokako postuak bisitatzeko aukera egoten da Askatasuna Plazan, eta Kaleberriko bolatokia ere bertan dago kokatuta. Pasa den mendearen erdialdera, Usurbilen dozenatik gora bolatoki zeudela esaten da; auzo bakoitzak berea zuen, eta baita ostatu edo sagardotegi gehienek ere. Gaur egun, ordea, Askatasuna Plazako hauxe da udalerrian topatuko duzuen bakarra.

 

Sagardoaren monumentua

Sagardoak -Euskal Herriko 'edari nazionalak'- berebiziko garrantzia izan du Buruntzaldea eskualdeko hainbat herritako kulturan, eta baita Usurbilen ere. Eguzkitzaldeko plazatxoaren erdian, Gotzon Huegunen Sagardoaren monumentua dago 2007az geroztik. Eskultore lasartearrak kareharrian egindako lan honek, edari preziatu honi lotutako hiru elementuri egiten die gorazarre: sagarrari, botilari eta edalontziari, hain zuzen ere. Lurrean dagoen botoitxo urdina zanpatuz gero, ur-zurrusta erortzen da botilatik edalontzira.

 

600. urteurrenaren oroigarria

Antzina, Kalezar auzoa herriko erdigunea zen. Lau aldeetatik nola edo hala gotortuta zegoen, bi ate edo sarrera zituen (gaur egun ere egitura berbera du) eta administrazio zerbitzuak zein ofizio guztiak biltzen ziren bertan, oraindik ere etxeen izenek adierazten duten bezala: Kontseju, Eskribanea, Arotzanea, Erreroenea, Zapatarinea, Barberonea... Kalezar auzoan, Felix Aizpurua Plazaren albo batean, aurkituko duzue 600. urteurrenaren oroigarria. Izan ere, XII. mendeaz geroztik, Donostiako lurraldea izan zen Usurbil, 1371n, Gaztelako Enrique II.a erregeak “Belmonte de Usurbil” izenaz hiribildu titulua ezarri zion arte. Izendapen horren seigarren mendeurrenean, hain justu ere, oroigarri hau ipini zuten, Kalezarren, erakusgai

 

Xabier Lakaren monumentua

Marmolezko oroigarriaren parean, plazaren erdi-erdian, Xabier Lakaren monumentua topatuko du bisitariak. Pergamino bat irudikatzen duen zutikako zilindro handi honek, zera adieraztea du helburu: “Hiltzen den gudari bakoitzeko, bi jaiotzen dira”.

 

Santutxoa

Kalezar auzoan dago hau ere, Sokorroko Amaren Ermitaren ondoan. Aurrealdeko ertzetan zutitutako bi zutabek eta atzealdeko harrizko hormak eusten dute bi isurialdeko estalkia. Ataripeak harrizko horma baxua du buelta osoan, eta burdinazko atetxoa erdian, sarbide gisa. Debozio gunea da Santu - txoa; Kalbarioko azken gurutzea dago barnean, “T” formako gurutzeak albo banatan dituela. Gurutzearen erdian, Jesukristo gurutziltzatuaren irudia ageri da. Kalezartarrek, 'Ospitaltxiki' izenez ezagutzen dute Santu - txoa. Diotenez, garai batean, makina bat bidaiarik hartzen zuen bertan aterpe, batik bat ijitoek.

 

Sokorroko Amaren baseliza

80ko hamarkadaren hasierara arte, Aste Santuan, prozesioa egiten zen Usurbilgo San Salbatore Elizatik abiatuta. Ostegun Santuko arratsaldean irteten zen, meza ostean, eta ostiral goizean, berriz, Kalbarioa egiten zen. Kalezarko Sokorroko Amaren Baseliza -1704. urtean eraikia- eta Santutxoa dauden tokira iristen zen Gurutze-bidea. Behin hara heldutakoan, arrosarioa errezatu eta abestu egiten zen. Ondoren, Kalezar gurutzatu eta Bizkartxotik behera egin ostean, kaxkora itzultzen ziren. Elizatik Ermitara bitarteko zatian, 13 gurutze zeuden bide ertzean; eta Ostiral Santuko Kalbarioan, gurutze guztietan geratzen zen segizioa otoitz egitera. Gurutze-bide hartako gurutze asko desagertu dira dagoeneko, baina Santutxoak, Sokorroko Amaren Ermitak eta mendeetan zehar Santiago Bidea egiten zuten erromesen atsedenleku izandako 'Ospital' edo 'Ospital Etxeak' ('Seroretxe' ere deitzen zaio) hortxe jarraitzen dute.

 

Zumeta Arte Estudioa

Jose Luis Zumeta (Usurbil, 1939) margolariak eta bere alaba Usoa Zumetak (Usurbil, 1969) partekatutako espazioa. Olio eta tenpera-pinturak, eta lan grafikoa, oro har. Bi artista handion artelanak ezagutu, euren unibertsoetan murgildu eta lantzen dituzten teknikak gertutik ikusteko aukera bikaina, ordubete inguruko bisita eginez. Erakusketa iraunkorra zein aldi baterakoak. Taldeentzako bisitaldiak antolatuko dira. Hitzordua aldez aurretik eskatzea komeni da.

Sakabanatuak 22 B (Txikierdi)

Tel.: 610 202 332

www.zumeta.es

info@zumeta.es

 

Inguruak

Herrigunetik haratago -Elizalde edo Kaleberri eta Kalezar izan ditugu, orain arte, hizpide-, Aginaga, Santuenea, Txikierdi, Txokoalde, Urdaiaga eta Zubieta auzoak topatuko ditugu. Aginagan, arrantza-tradizio handiko auzoan (angulek egin dute ospetsu Aginaga), Asisko San Frantzisko Eliza nabarmenduko genuke. XV-XIX. mendeetan, ontzigintzaren industriak berebiziko garrantzia izan zuen gure herriaren bilakaeran. Garai batean, Mapilen (Aginagan), Erret Ontziola zegoen. Zenbait iturriren arabera, Cristobal Colonek Ameriketara eraman zuen Santa Maria itsasontzia ere bertan eraikia izan zen. Urdaiagan, San Esteban Ermita (110 m) dago, buruko minak kentzeko bere 'ahalmenagatik' ezaguna. Zubietako Aizpurua baserria, Santiago Eliza eta Errebote Plaza -Villabonakoa eta Zubietakoa dira Gipuzkoan aurki daitezkeen bakarrak- ere ezin aipatu gabe utzi. Hego Euskal Herriko hipodromo bakarra ere Zubietan dago; 1916an egin ziren lehen lasterketak

 

Mendizorrotz eta Andatza

Mendizorrotz (415 m) eta Andatza (562 m) mendietara txango politak egin litezke. Mendizorrotzeko tontorra zapalduz gero, paisaia zoragarriaz gozatu ahal izango dugu; eguraldia lagun dela, Usurbil, Donostiako sarrera, Orio, Bizkaiko itsasbazterra eta Lapurdikoaren zati bat ikus daitezke mendi gain honetatik. Andatza, aldiz, aztarna megalitikoak (trikuharriak) gordetzen dituen gunea da. Auzoetan zehar barreiaturik dauden baserri historiko eta ikusgarriek, eta langintza zaharren berri ematen diguten aztarnek ere (zeta-fabrika, burdinolak, harrobiak, karobiak, teileriak, ferratokiak, errotak...) aipamen bat merezi dute.