Publicador de contenidos

Atrás

Zubietako Herri Batzarra: “Txanpon batzuen truke, Zubieta saltzen ari dira”.

Eneko Goia Donostiako alkateak Loiolako kuartel militarra Zubietara lekualdatzeko asmoa azaldu duela-eta, EHBilduk egitasmo horren aurkako mozioa aurkeztu du gaurko osoko bilkuran. Mozioak aurrera egin du EHBilduren aldeko botoekin; EAJko eta PSEko zinegotziek abstentziora jo dute. Ika-mika bizia izan da alderdien artean, eta Zubietako Herri Batzarreko kideak osoko bilkurara bertaratu dira: “Gutxienik, gure iritzia entzuteko eskatzen dugu”.

25·09·2018


 Gaurko osoko bilkurak bi nagusi zituen: batetik, Michelingo lur eremuan jarduera ekonomiko berriak hartzea ahalbidetzen duen Usurbilgo Udalaren, Elkar Fundazioaren, Gureak eta Michelinen arteko hirigintza-hitzarmenari behin-betiko onespena ematea; eta, bestetik, Loiolako kuartel militarrari buruz EHBilduk aurkeztutako mozioa. Lehenengo gaiarekin erabateko adostasuna izan da, eta, alderdi guztiek aho batez erabaki dute, aurretik egin bezala, behin-betikoz onartzea lau erakundeen arteko hitzarmena. Haatik, bigarrengo gaiaren gainean desadostasunak nabarmen azaldu dira, eta horren lekuko izan da alderdien artean izan den ika-mika eta, ondotik, mozioari emandako erantzuna: EHBilduk alde bozkatu du, eta EAJk eta PSEk abstentziora jo dute. Zubietako Herri Batzarreko kideak ere osoko bilkurara bertaratu dira, eta hitza hartu dute. Nartsi Arrillagak eta Fernando Iturraldek hartu dute hitza. Eskerrak eman dizkie EHBilduri mozioa aurkeztu eta zubietarrak babesteagatik. Gogorarazi dute Usurbil eta Donostiako udalak legez derrigortuta daudela Zubietarako dituzten asmoen berri aurrez jakinarazteko. “Honetan ere, prentsan azaldu dena baino ez dakigu. Gutxienik, gure iritzia entzuteko baino ez dugu eskatzen. Usurbildik babesa badugu; Donostiatik, aldiz, ez”, eskatu du Arrillagak. Iturralde argi mintzatu da ere: “Judasek egin bezala, txanpon batzuen truke ari dira Zubieta saltzen”.

Hain justu, EHBilduk mozioan salatzen du “erosoak eta inork nahi ez dituen proiektuak” Zubietan kokatzeko asmoarekin “temati” jarraitzen dutela Gipuzkoako EAJko eta PSEko agintariek, hala nola errauste-planta, presoen gizarteratzeko zentroa eta militarren kuartela. Proiektuok Usurbildik ere “kezkaz” bizi dituztela nabarmendu du EHBilduk eta Zubieta “larrialdi egoeran” dagoela nabarmendu. Hori dela eta, hiru eskaera luzatu dizkio udalbatzari; batetik, Donostiako eta Gipuzkoako ordezkari instituzionalei Zubieta bakean uzteko eta Zubietaren etorkizuna zubietarren esku uzteko; bigarrenik, Eusko Jaurlaritzari esku hartzeko eskatu dio Eskusaitzetarako aurreikusi diren egitasmoek eskualdean eragina izango dutelako; eta, hirugarrenik, EAJri eskatu dio Euskal Herriaren desmilitarizazioaren gaiari heltzeko.

“Gaiak nahastu dituzue”

Mozioa irakurri ostean, Josune Urkola EAJko zinegotziak hartu du hitza, eta mozioaren alde ez egiteko arrazoiak aipatu ditu. Batetik, aipatu du “normala” dela Donostiak bere interesen alde egitea, “udal guztiek jokatzen baitute horrela”. Bestetik, bi gai nahastea leporatu dio EHBilduri, hots, kuartela lekualdatzeko proposamena eta desmilitarizazioa. “Ez da gai berria kuartelaren lekualdatzearena. Ez dakigu PTPan nola dagoen. Desmilitarizazioaren gaian bide-lagun izan gaitezke EHBildu eta gu”.

Fermin Orue-Echevarria PSEko zinegotziak, bere aldetik, jakinarazi du Donostiako sozialistek beste leku bat proposatu dutela kuartelarentzat: Atondegi, Martutene inguruan. “Donostiak lurzoru hori behar du babes ofizialeko etxebizitzak egiteko, eta, beraz, kuartelarentzat irtenbide bat bilatu behar da bai ala bai, Espainiako Gobernuak esana baitu Donostia leku estrategikoa dela eurentzat. Beraz, gauza bat da errealitatea eta bestea guk nahi duguna”.

“Elkartasun ariketa”

Xabier Arregi alkateak EAJk esandakoak txarretsi ditu. Euren esanetan, ez da zilegi udalok norberaren interesen arabera jokatzea, aldamenekoak aintzat hartu gabe. “Guztiok gaude behartuta gure inguruak kontuan hartzera. Elkartasun ariketa bat da, eta norberekeriaz aritzea ez da zilegi. Donostia da horren eredu”. Adibide bat jarri du: Belartza. “Usurbili eragiten dio? Bai. Kontuan hartu da Usurbil? Ez. Donostiak beti egiten du berea, bere interesak lehenetsiz. Horrela jokatzen dutenek ez dute gure errespeturik merezi”. Bi gaiak nahastearen kontuari ere heldu dio, eta galdera hauxe luzatu dio EAJri: “Herrialde bat desmilitarizatu nahi badugu, nola plantea daiteke kuartel militar bat lekualdatzea? Mingarria da Eneko Goiari aditzea gure lurrak eskaintzen dizkiola Espainiako Armadari militarrak etortzeko”. Horregatik, herri-interesen alde egiteko eta alderdi-interesak alboratzeko eskatu dio.